Galdera hura eta Mikel Laboaren umorea

Gorka Bereziartua
3

Mikel Laboa

Zapatila zikinek Bilboko Carlton hoteleko alfonbra gorria zapaldu dute; lodi sentitzen da oin azpiko luxua, lebitatzea bezalakoa da: “Non da diskoaren aurkezpena?” eta atzamarraren norabideari pausoa jarriz sartu dira areto dotorean. Diskoa hartu eta eserita, zapatilak txiki sentitu dira Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Iñaki Salvador… aretoan sartzen ikusi dituztenean. Berdin zapatilen jabea, kulturaz eta ilusioz idazten duen webgune bateko kazetari hasiberria. Bete dira aulkiak, itxaron dute bera azaldu arte. Mantsoa da Mikel Laboaren pausoa Xoriek 17 diskoa aurkeztera doala.
Hiru urte beranduago, zapata sendoxeagoak putzuak salbatuz sartu dira erredakziora. Autoan disko bat entzuten etorri direnez, lankide baten ahotik jakin dute Mikel Laboa hil dela. Eta zapatek ez dute memoriarik, baina haien jabeak bai. Jabea akordatzen da klasetik hanka jokoa eginda joan zela diskoaren aurkezpenera; ikasle pisuko telefono linea kaxkarrak izugarrizko denbora pila behar izan zuela bere artikuluxka Internetera igotzeko. Baina batez ere akordatzen da prentsaurrekoan Laboari egin zioten galdera batez:
“Mikel, puede ser éste tu último disco?”. Isiltasun deserosoak hiruzpalau segundo iraungo zuen. Laboaren espresioa ez zen aldatu. Galdera egin zionari begiratu zion, barre murritza, eta erantzuna, ahots xumez, jeniala: “Pues espero que no, pero, no sé, igual mañana la diño…”. Jendeak barre egin zuen. Barre egin nuen nik ere. Ez dakit itauna luzatu zionak egingo zuenentz.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA