Arce eta Arrigoni Palestinaren alde lan egiten duen ISM mugimenduko kideak dira, eta Gazan daude joan den abenduaren 27ko bonbardaketak hasi zirenetik. Arce ezaguna da Euskal Herrian, Radio Euskadin bonbardaketei buruz informatzen ari delako. Bada, Stop the ISM eskuin muturreko webgune sionistan, beraren eta ISMko hainbat kideren informazioa eta argazkiak zabaltzen ari dira, Hamas-en alde lanean ari direla esaten, eta Israelgo militarrei “aurkitu eta betirako paretik ken ditzatela” eskatzen.
Mehatxu horiek irakurrita, sionista erradikalenen diskurtsoa dela bururatzen zaio irakurleari; hori ez dela Israelen jarrera ofiziala; inolako gobernuk ez lukeela erretorika hori erabiliko. Baina irakurleak, horren ondotik, elkarrizketa bat jo du begiz. Hizketan Edwin Yabo, Israelek Madrilen duen enbaxadako ordezkaria. Alberto Arcek emandako albiste baten inguruan galdetuta, honakoa erantzun du: “Alberto Arce Hamasen aldeko ekintzailea da, eta bere interesen arabera informatzen du; eta, prefosta, bere interesak Hamasen aldekoak dira”.
Ez legoke esaten ibili beharrik, baina, badaezpada: ISMren webguneak argi eta garbi honakoa esaten du: “Israelgo armada eta haren okupazioa garaitu daitezke, armarik gabeko erresistentzia estrategiko eta diziplinatuaz”. Arcek eta Arrigonik (eta gainontzeko nazioarteko laguntzaileek) ez dute inor hilko; baina informazioa zabaltzeagatik, hiltzeko arriskuan daude.
1 Iruzkin
Benetan lotsagabia eta belgurgarria web horrena eta dena egia errateagatik