Izar gorriak, pottokiak eta Son Gokuren bigotiak

Gorka Bereziartua
0

Pottokiak: utopia komunista marrazki bizidunetan?

Ideologiak pertsegitzen gaitu, txiki txikitatik. Gosaltzen zenuen kola-kaoa, eta telebistaren aurrean paratzen zinen larunbat goizetan, ustez marrazki bizidun inozenteekin zure arima aratza entretenitzera. Baina pentsatu al duzu inoiz marrazki horiek zenbateraino zeuden iraultzaren zerbitzura? Eta iraultza balitz, gaitzerdi… gauza okerragoak pentsatzeko bidea emango dizute ondorengo lerroek.
Hasiko gara Der Spiegelen nazioarteko edizioan publikatutako artikulu batekin. Gaia Pottokiak, izaki txiki urdin horiek. Badakizu, perretxikoetan bizi ziren, basoan, Gargamel gaiztoaren erasoei aurre egiten. Xaloa, e? Baina pentsatu al duzu inoiz nola antolatzen zuten euren bizimodua? Ez al zaizu burutik pasa ere egin zer zegoen Pottoki Aitaren bizarren atzean? Ba, Der Spiegeleko artikuluaren arabera, Karl Marxen alter egoa da Pottoki Aita, eta marrazkiek ematen dute bidea pentsatzeko gainontzeko pottokien gizarte antolamendua ere ez dabilela oso urruti komunismotik: jabetza guztiak pottoki guztienak dira, ez dago dirurik, auzo-lanean bizi dira, lanak modu zehatzean banatuta daude… Eta denak berdinak dira, baita adinean ere (100 urte dituzte denek, Pottoki Aitak salbu).
Beraz mamu bat dabil Europan… Pottokien mamua? Interpretazio horren arabera, Gargamel eta Azrael katua kapitalismo globalaren agenteak dira, eta suntsitu gura dute pottokien utopia sozialista. Alferrik, kuanto. Baina utopia ez da osoa; utopia erdia da, asko jota. Eta utopia erdiak, ez dira utopia. Izan ere, non daude emakumeak? Pottokina zen marrazkietako emakume bakarra, gainontzekoak gizonezkoak. Horregatik iaz, Pottokien 50. urteurrenarekin batera egin zuten pelikula berrian, emakumezko pertsonaia gehiago sortu zituzten, den denak, emakume eta gizon, igitaiz eta mailuz, iraultzaren alde lan egiteko.

Son Goku Fürher-a

Hain zabaldua egon ez arren, bada han eta hemen entzuten den beste teoria bat ere: Dragoi Bolaren teoria nazia. Labur esateko, konturatu al zarete nola aldatzen diren Torijamaren telesaileko pertsonaien hazpegiak? Goku, Vegeta, Trunk eta gainontzeko espazioko gerlariek ile eta begi beltzak dituzte normalean. Itxura horrekin ibiltzen dira kaletik, hartzen dute kafea lagunekin, eta joaten dira… tira, espazioko gerlariak borrokan ari ez direnean joaten diren leku horietara. Baina, eta benetako indarra atera behar dutenean? Energia eztanda betean ilea horitzen zaie, begiak urdintzen… Arraza arioaren paradigma bihurtzen dira giharrak benetan estutzean, bide batez ezaugarri semitikoak ahuldadearekin lotuz.
Gehitxo e? Bai, baliteke ile horiarena bakarrik esanda pentsatzea lerrook idazten dituenak ez zeukala artikuluaren bigarren partea zerekin bete, eta Dragoi Bolarena asmakeria hutsa dela. Ba, ez. Badago gehiago. Ala inor ez al da konturatu Son Goku haurra zenean noren aurka borrokatzen zen? Zapi Gorridun Armadaren aurka! Komunista arraio horiek! Goku, gure Son Goku txikia, inbasio gorri-komunistari aurre egin zion enda garbiko mutil kozkor heroiko-arioa zen; ez gaitezen engaina, nostalgia nazi post-stalingradotar hutsa dira Dragoi Bolako pasarte asko; II. Mundu Gerra berridazteko saioa, nolabait. Frogak hor daude.
Beharbada Adolf Hitler bera horregatik haserretuko zen hainbeste, jakin zuenean Dragoi Bolaren pelikula egin behar dutela, jatorrizko gidoia batere errespetatu gabe. Begira, begira, nola jarri zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA