Dolu gabe, dolu gabe… baina ezin esan pozik gaudenik. Bilardok eta biok, xanpain botila bat hustu dugu partidu ostean, kamiseta zuri-gorri bana soinean. Eta aurreratzen dizuet ni kaleko arropekin joan naizela Txartel hotelera gaur gauean, futbol ona ikusteko asmoz eta ekidistantziak ematen zidan abantailarekin. Baina gertatu da, gertatu dena, eta zuri-gorriz bukatu dut tontamentean. Tira, argudioak ez zitzaizkidan falta. Bilardorenak. Hauek:
1. zatia: Akiles, Oteiza, obreroak eta kontadoreak
— Ondo, ondo —esan du Bilardok 5. minutu aldera. Gauez ere uxuala edaten duela jakin dut gaur. Erruz edan ere. Baina arrazoiak ere hala ateratzen zaizkio, erruz, partiduari beha— Ikusten al duk zein ondo ari den ixten Athletic 8aren eta 10aren pasiloak? Lauko lerroa ukabil bat duk, ez zegok espaziorik areatik gertu.
Nik baietz, ados, baina ikusiko duela nola Barçak zelai erdian lekua hartzean gauzak beste kolore bat hartuko duen. Bilardok erantzuten hasteko imintzioa egin du, baina isildu egin da, pantailari begira jarri, uxuala hustu tragoz. Korner bat bilbotarren alde.
— Ei, Bilardo, zer?
— Ixo… Gogoratzen Akiles?
— Em, ba… Zertxobait.
— Ea haren orpoa ikusten diagun uste baino lehen…
Eta Tokerok gola. Baten batek ospatu egin du Txartelen; gehienek ez; niri barrea atera zait. Bilardok beste uxual baso bat eskatu du, lasai. Zaharrak bazekien non daukan Barça garaitezin honek ipurdiko zuloa. Hau bai ez nuela inola ere espero.
Minutuak badoaz, Bilardok Oteiza aipatu du.
— Ikusi baloia zelai erdian.
— Em… barkatu, baina baloia ez dago zelai erdian.
— Horixe ba… Non zegok Xavi? Ez zegok! Zelai erdiko gaileta desokupatu dik Athletic-ek. Oteiza duk, hutsune existentzial bat Guardiolaren eskeman.
— …
— Ez al duk ulertzen? Athletic-ek bazekik zer egin nahi duen: bazekik Barça honi irabazteko dena aldrebes egin behar dela: aurrelariekin defenditu. Begira ezak nola ari den Tokero, begira.
Eta jokoak arrazoia ematen zion Bilardori. Bartzelona Buridango astoa bezala ibili da lehenengo ordu erdian. Baloia motel, eskuinera, ezkerrera, erdira, zalantzan behin eta berriz, azkenean ezer ez egiteko.
— Obreroak ari dituk kontadoreei irabazten —izan da Bilardoren sententzia.
Baina Barçak ere obreroak izan, eta halako batean Yaya Tourek baloia atzean hartu, modu oso espartanoan aurrera jo, jaurti, eta partidua ados berriro. Gehienek ospatu egin dute Txartelen; guk ez.
Eta Bilardo 35. minutuan hasi da esaten Xavirekin kontuz ibiltzeko, hasi dela baloia jasotzen, zelai erdian, zelaiaren hiru laurdenetan… Athletic-en kamiseta arrosa iruditu zaigu aldagelara bidean: dardarak zuria eta gorria nahastu ditu azken hamar minutuetan.
2. zatia: azken finean gizaki hutsak gara
45 minutu izan arren, askoz laburragoa izan da bigarren erdia. 49.ean iruditu zait Athletic-en ukabila berriro ondo itxita zegoela.
— Ikusi beharko Bereziartua, baina ez zaidak iruditzen…
Ez zait gustatu Bilardoren sinesgogorkeria, baina…
54. minutuan Messik…
57.ean Bojanek…
63.ean Xavik…
Eta fini da.
Hortik aurrera, Txartelen bildutako gehienen bilbofobia agoantatzearekin batera, ikusten ari garena zergatik ez zaigun gustatzen azaldu nahi izan diogu gure buruari. Ez Bilardo eta ez ni, ez gara Athletic-ekoak. Eta ez geunden Athletic-en alde aberriarengatik (bakarrik). Baina gure futbolsofiak esaten digu ez dagoela ondo final hau. Azkenean zaharrak asmatu du buruan genuena formulatzen:
— Futbol posiblearen aldekoak gaituk heu eta neu, hori duk arazoa. Barçarena ondo zegok, tiki-taka eta hori dena, baina… Nola nahi duk esatea: manierismo hutsa duk; manierismo estratosferikoa. Ez zegok edozeinen esku hori egitea, eta gainera, estetikoki biguna duk, borobildua, pose asko, haragi gutxi. Ni berriz, beti izan nauk futbolean rustikoa eta pinturan brotxa lodikoa. Futbol demokratikoagoaren alde gaudenok zerbait egin beharko geniake horrelakoak ikusita. Bestela, martxa honetan, orpoarekin pase estilotsuak ematen ez dakienak ezingo dik jokatu, ezta zentral-aizkolariaren postuan ere.
Hori esan eta gero bi kamiseta zuri-gorri atera ditu auskalo nondik. Bakoitzak bana jantzi dugu. Orain ez dira kamisetak, aldarrikatu nahi dugunaren banderak dira. Xanpain botila eskatu dugu. Gero, lau eskutara, Futbol posiblearen manifestua idatzi dugu.
— Badakizu zer Bilardo? Nahi duzuna esango duzu, baina galdu egin dugu.
— Bataila bai, baina nork daki gaur hemen sortu diren ideiek ez ote duten ostikoaren artea aldatuko datozen urte, eta are, mendeetan?
— Gaurkoz nahikoa edan duzula uste dut, Bilardo.
1 Iruzkin
[…] Futbol posiblearen manifestua […]