Ezinean taldearen Zuretzat diskoa (GOR, 2008) jarri nuen kotxean astelehenean, euriari eta harriari aurre eginez etxeraino iristeko. Aurreneko kanta entzun, eta berehala etorri zitzaidan beste talde bat burura: Ken Zazpi. Gernikarrek badute kanta ezagun bat, Zapalduen olerkia (Gelditu denbora diskoan, GOR, 2005); Ezinean-ekoek Zapalduak? jarri zioten titulua diskoko lehen kantari. Ken Zazpikoei emandako erantzuna ote? Konpara ditzagun bien hitzak:
Gatazkaz hitz egiten du Zapalduen olerkiak, eta hasieratik garbi uzten du beraiena ikuspuntu partisanoa dela:
Denok ez dugu berdin
kontatzen historia
zaila da ulertzea
bestearen egia
baina kantatu nahi dut zapalduen olerkia
estalita duten
samin guztia
ohe hutsei
amaren malkoei
lapurtzen diguten denbora iheskorrari
burdin hotsei
aitaren beldurrei
sufritzen dugunoi
Hortik aitzin, sufrimendu horren erretratu batzuekin osatzen da kanta, esaldi laburrak, eta azkeneko zatian gaia hobeto kokatzeko honakoa:
Istripuei
berri txarrei
bidean galdu ditugun lagun guztiei
gugatik dena eman dutenei
askatasun haizeari
zuei
haizeari
zuei, zuei, zuei
Presoen senideek izaten dituzten istripuak, ETAko kide hilak… Azaltzen dira hitzetan, batzuetan erdia emanda osoa esanez, besteetan eufemismo bidez.
Har dezagun orain Ezinean taldekoena. Omenka hasten da:
Kalera irtetean eguneroko bizitzan, zapalduak omen gara
Gure izerdiaz norbaitek dirua egiten duenean
zapalduak omen gara, zapalduak?
Lehenengo munduan, inguruko munduan,
betiko batzuek zapalduta sentitzen gara
Eta jarraitzen du, “omen” horiek ironizatzen:
Sekula jatekorik falta ez zaigunean, zapalduak omen gara
nahi izan dugun dena eskura izan dugunean
zapalduak omen gara, zapalduak?
Mundua osorik hartuz , prespektibak zabalduz
jauntxoen klase bat baino ez gara, onartu egiak
Eta izango da biek hitz beraren inguruan osatu dutelako abestia, baina hasieran inpresioa izan dut bigarrenak aurrenekoa auzitan jartzen duela; aurrenekoak sortu nahi duen giro poetikoa-edo puskatzen duela bigarrenaren prosa zuzenak. Zuei zer iruditzen zaizue? Ba al dute zerikusirik bi kantek?
1 Iruzkin
hombre txo etzekiat lartxo esatia ez ote dan… dana dala, konparaziyo interesantia dek hitz beakinze bi kanta diferentea atea daitezken