Frantzian deskarga ez da errenta; jokoa aldiz, bai

Gorka Bereziartua
0

poker
Interneten jokoa legezko egingo du Frantziako gobernuak 2010ean.

Esango didazue orain ere ari naizela idia oiloarekin gurutzatzen, barka beraz: 2010ean Frantziako Gobernuak Internet bidezko jokoa legeztatuko du, eta bitxia egin zait. Bitxia, Hadopi legearekin musika deskargak gillotinatuko dituztela ikusten ari garen sasoi honetan. Eremu basa izan da Internet urte askoan; gorbatak geroz eta gehiago ari dira sartzen, arbolak bota eta ordena ezartzen. Arrunt eskuinekoa den ordena, esan beharrik ez dago.
Ikusi bestela nork jasotzen duen egurra, eta nor den sutondoan berotzen dena. Zeri erantzuten dion jarduera bat legeztatzeak, bestea debekatzeak. Gaia ikuspuntu sozialetik begiratuta (distantzia apur batekin eta egile eskubideak babesten ei dituzten elkarteen propagandaz ahaztuz) P2P sareek eta kultura “piratak” oro har, klase zigortuenei egiten diete mesede: disko, liburu, filmak 0 euroan edukitzea da tarifa egokiena langileentzat, langabeentzat, ikasleentzat, erretiratuentzat. Prezioa zenbat eta garestiago, orduan eta elitistagoa bihurtzen da kultura [1].
Frantziako Gobernuak (dena herriaren alde, baina herriari ez galde) Hadopi legearekin kultur produktuak eskuratzeko biderik errazena oztopatu besterik ez du egin. Bien bitartean, Interneten jokoa legeztatu; sektore horretan kapital mugimendu handiak falta ez baziren (ikusi aurreneko paragrafoan estekatu dugun Le Monde-eko artikulua), estatuaren babesak alimaleko bultzada emango dio. Eta kapital horiek ez dira eliteen sakeletatik aterako. Jokalarien %80 baino gehiago 25 urtez azpikoa da, eta postura txikiak egiten badituzte ere, kasino numerikoetan ere banka izango da beti garaile. Askoren sos tantekin negozio borobila.
Sarkozy eta enparauen jokamoldea ez da Jerry MacGuire filmeko pertsonaia haren oso diferentea: badirudi “Show me the money!” dela kriterio bakarra sarerako. Konturatuko ahal dira berandu baino lehen, zenbat pobretzen duen horrek gizartea…

[1]
Bidenabar, komeniko litzateke, nire ustez, “elitismoa” horretara mugatzea: hau da, eliteek ordaindu dezaketen kulturari esatea elitista, eta ez jartzea ditxosozko etiketa goi mailako kultur produktu orori. Baina tira, honetaz beste noizbait hitz egin beharko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA