Esan izan dut futbolaz gauza handirik ez dakidala, eta horregatik, astelehena iristen denerako ondo informatuta egotea gustatzen zait, Bilardok bere trikimailu dialektikoekin partida azkarregi irabaz ez dezan. Asteburu osoa pasa dut kirol prentsak hankabaloiaz publikatu duena kutxarilan berotu eta zainetik sartzen. Dosi inportanteenak, noski, asteazkeneko Barça-Manchester partiduarenak. Zer diot nik, partidua: Txapeldunen Ligako finala da, Munduko bi talde handienak buruz buru, Erromako enperadore berria argituko duen match-ean. Zer Erroma? Erroma lurtarregia da! Izarren Guda! Em, tira, igual ez… hori frikiegia da. Biblikoago: Goliath vs. Goliathen tamainako beste bitxu bat… Ez, bueno, zera, ulertu da ezta? Kontua da ondo dokumentatu dudala gaur goizeko tertulia: jokalariak, estrategiak, talde bakoitzaren azken hamar denboraldietako ibilbidea…
Alferrik. Irekitzen du atea Bilardok, esertzen da nire alboan, ikusten du azken orduko apunteak bezala errepasatzen ari naizen Marca eta gaztako bat emateko keinua egiten du.
– Batzuetan paretarekin ari naizela iruditzen zaidak.
Zergatik, galdetzen diot. Ea oraindik Athletic-en finala ez zaion ahaztu. Aitortzeko, berak ere ikusi egingo duela asteazkenekoa, Barça begiko izan ez arren, badakiela partidu ona izango dela.
– Europa, Bereziartua, garestiegia duk niretzat. Eta ez nagok ordaintzeko prest.
– Benga, partidua mundu guztiak ikusi ahalko du-eta. Doan da… ez zenekien? Jo, Bilardo, a ze pena, Txapeldunen Ligako partidu guztiak galdu dituzu benetan, zer eta, ikusteko ordaindu egin behar zela uste zenuelako?
Marrantatua dago, eztarria garbitzen hasi da, Ekaingo zaldi bat bota behar duela dirudi. Ttu egin aurretik begiratu egiten dit, mina keinuan. Gaur ez du uxualik eskatu. Medikuak esango zion uzteko? Ez naiz galdetzera ausartzen. Bota du karkaxa, gaileta busti bat nola, lurrean lehertu. Eta ahots garbiagoz, dio:
– Ezer ordaintzera derrigortu gabe ere, gauza asko izan zitezkek oso garestiak. Txapeldunen Liga bera duk garestia. Hik partidua doan ikusteko izugarrizko jende pilak egin behar dik lan. Langile horiei ordaintzeko eta irabaziak edukitzeko izugarrizko esponsor pila egon behar duk. Esponsorrak lortzeko telebistak lortu behar dik jende askok partidua ikustea, eta horretarako izugarrizko marketinga egiten dik: produktuan inbertitzen dik, jokalari estratosferikoak pantaila aurrean jarriz; prezioan inbertitzen dik, 0 izan dadin hiretzat; lekuan inbertitzen dik, zerbaitengatik jokatzen baitituk inportantzia pixka bat duten finalak Europako hiri chicenetan; eta promozioa, noski. Gehitu horri partidua botatzeko eskubideengatik ordaintzen diren zilarrak… Doan diok? Benetan?
– …jo, ba…
– Noski, hori hasiera baino ez duk. Okerrena duk, horren guztiaren gainean sistema bat osatzen dela. Txapeldunen Ligan sartzeko geroz eta baldintza estuagoak zeudek. Elite baten txapelketa duk, baina ez kirol elitea, ekonomikoa baizik. Ez haiz konturatu ia beti talde berak sailkatzen direla? Ez duk besteen gogo faltagatik, baina dena kontra zegok txikiagoentzat. Pixka bat duk, ezkerrekoek Europako hauteskundeetan bezala: teorian denen botopaperak iristen zaizkik etxera, baina… baratza dagoen bezala, non zegok tartea, adibidez, komunistentzat, sozialdemokraten eta kristau-liberalen artean?
Azken aldiko afizioa du hau Bilardok, futbola eta politika nahastu beharra. Konfiantza hartzen ari den seinale? Gustatzen zait jokoa.
– Bueno, Bilardo, ez didazu esango azkeneko hauetan sorpresarik egon ez denik. Inork ez zuen espero Sastrek Europan jokatuko zuenik, eta begira…
– Sisteman sartzen duk hori ere: gogoratzen Reala Txapeldunen Ligan aritu zenean? Ba berdin. Lan pila egin, ekipoa moldatu agintzen dutenen aurrean presentablea izateko, eta hala ere uste baino lehen etxera egurtuta. Hik ez duk ezer irabazten, eta sistemak bere burua zuritzen dik: “Guk utzi dizuegu jostatzen, baina txarrak zarete, inork ez du partidu hau ikusi nahi”. Sentitzen diat Sastrerengatik, baina nekez lortuko dik ezer Iniziatiba Internazionalistak.
– Eta orduan, non geratzen da erresistentzia? Ez du ezer balio?
– Irabazten denean bai… Liverpoolen 2005eko Txapeldunen Liga bezala.
– A, orduan final hura ikusi zenuen… Eta asteazkenekoa ez duzu ikusi nahi.
– Joder, Bereziartua, ez konparatu. Carragher ari zuan jokatzen, nola ez nian ikusiko?
– Eta hori?
– Beste batean esplikatuko diat luzeago, orain joan beharra zeukeat. Baina bueno, Carragher beste gauza bat duk. Azken futbolista, nik futbola ulertzeko dudan moduan behintzat. Eta bere erresistentzia eraginkorra duk. Irabazten dakien erresistentzia.
– …
– Ez, ez diat gehiago esplikatuko gaurkoz. Ala, aio.
Eta alde egin du, eta geratu naiz ezer ulertu gabe, asteazkeneko partidua ikusteko gogo gutxiagorekin eta hauteskundeetan nori bozka eman ez dakidala. Astelehena da. Progresio honetan segitzen badut iganderako solipsismoan eroriko naiz. Hori gertatzen bada, bota soka bat mesedez.