Albini!

Gorka Bereziartua
0

albini_atp
Steve Albini (Arg.: Wikipedia)

Oso irakurgarria joan den larunbatean Gorka Urbizuk Berrian idatzitako artikulua, kontatzen nola Berri Txarrak taldekoak ibili diren Chicagon, Steve Albiniren estudioan, disko berria grabatzen. Nonbait irakurria nuen Roadrunner zigilura pasatzekoak zirela, baina periodikoa aurrean izan arte ez nuen jakin norekin grabatu behar zuten disko berria. Erreakzioa, gutxi gora behera, titularrekoa. “Albini! –nire kolkorako– Disko hau inportantea izango duk”.

Urbizuk aipatzen zuen Nirvanaren In utero izan zen burura etorri zitzaidan aurreneko diskoa. Baina bilatzen hasita, konturatu naiz nire bizitzako soinu bandako uste baino kanta gehiagotan dagoela Albiniren eskua. Ez nekien Bush taldearen Swallowed bere mahaitik pasea zenik; ez nekien Pixies-en Surfer rosako soinu errepikaezin hura ere berari zor zitzaionik; ez nekien zenbat eta zein ongi lan egin zuen Urge Overkill-ekin (gehienek bezala, Pulp fiction filmeko eszena hura ikusita ezagutu nituen, baina haien diskografian pixka bat sakonduta sorpresa politak hartu ditut); eta Low; eta Mogwai; eta Manic Street Preachers…
Aurreko batean The Ex taldea gomendatu zidaten, eta ikusi dut horiek ere Electrical Audio estudioetatik paseak direla… Albiniri ez zaiola ezer eskapatzen, alegia. Ezta haren zaleei (Albinistak?) ere: ingelesezko Wikipedian aurten egin behar dituen grabaketak jarrita daude. Hor dago Berri Txarrak ere, rockaren historiako izen handien artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA