Urte sasoi hau iristen da, futbolean kontu gehienak garbituta daude, pilotaz hitz egin nahi ez Aimarrista naizelako, eta pentsatu dut: “Zer hoberik Bilardorekin solasa hasteko, joan den astean Sustrai Colinak Javier Clementeri egin zion elkarrizketa baino?”. Luzatu diot ARGIA, 4. orrialdetik zabalduta. Axaletik bezala irakurri du, bigarren zutabera iritsi arte. Hor arreta handiagoa jarri du. Baina beste zerbait dauka buruan. Galdetu dit:
— Hik zer? Zeini eman hion bozka atzo?
Badu zaharrak afizio puta (barka gremiokoek) hori: independiente-edo ikusiko nau politikan eta, jakin nahi haizeak nondik jotzen didan.
— Eta zuk? —bota diot airoso.
— Nik inori ez.
— Ez?
— Ez. Eta damutzen nauk, laostia.
— Zergatik ba?
— Ez zualako ia inor joan bozkatzera.
— Eta zuk, noski, uste duzu horrek zilegitasuna kentzen diela aukeratutako politikariei. Benetako demokrazia batek lortu beharko lukeela herritarra animatzea, bere ordezkariak aukeratzeko. Bestela demokrazia galtzaile ateratzen dela, ze, noski…
— Egon hadi isilik! Bereziartua, joder, batzuetan hirekin… Arrazoi ederra dik Clementek: metodo modernoek ez ditek puzkar ustela balio, ez behintzat eskolan-eta; baina hi unibertsitarioa haiz? Demokrazia? Hik zer ikasi duk? Zer zilegitasun eta zer otxokuarto!
— Orduan damua…
— Damua ba! Ez al haiz konturatzen? Ia inor ez zuan joan atzo bozetara. Eta horrexegatik, joan zirenen botoek gehiago, askoz gehiago balio ditek. Ni autokrata nauk, etzakela dudarik egin. Kontua duk edade honekin eta kanpoko laguntzarik gabe, zaila dagoela diktadura txukun bat konpontzea. Baina gutxienez, atzo botoren bat nonbait sartuta, izango nian normalean baino botere gehixeago.
— Ez nuen inoiz horrela ikusi.
— Ez hengoen behar den tokira begira-eta. Hik analisi orokorrak egiten dituk. Hire zilborrera begira ezak: algodoi pilotak baino gauza gehiago ateratzen dituk hortik.
— Gustuko hautagaia aurkitu behar ordea…
— Hori ere egia duk. Baina hau irakurrita hurrengorako bazeukeat ideiaren bat…
— Nola?
— Hi, Clementek Athletic-eko presidente izan nahi badik, beharko dizkik ministroak, prokuradoreak eta rejidoreak ondoan, ezta? Bere partiduan sartuko nauk, ea osasuna erabat txartu baino lehen zer edo zer agintzen hasten naizen.
Hori esan eta ilunbeetatik etorri zaio eztula. Eztarrian gora, ahoan atseden, eta lurrera doa gelatina beltz handi bat, Bilardoren Barne Produktu Gordina. Karkaxa triste hori ikusi, eta pentsatu dut ez dela egongo gaurko egunkarietan Europako Batasunaren metafora hoberik.
Burua altxa dudanerako ospa egin du zaharrak. Ez dakit zerk kezkatzen nauen gehiago: bere osasunak, ala agintzen hasteko asmo horrek.
2 Iruzkin
Clemente Ajuria Enean ere ikusten dut nik (nahizta Athleticeko lehendakariak gehiago agindu). Irabaziko lituzke hauteskundeak. Izan liteke hautagai ona partidu espainiarrei golak sartzeko. Baina, tira, bera oso da profesionala eta auskalo zer ez lukeen egingo…
Athleticeko lehendakariak gehiago agintzen duela esan duzun horrekin, gogora etorri zait lagun batek bere blogean kontatutako anekdota bat:
http://calloscontxistorra.blogspot.com/2009/01/metroan-entzunda.html