Aste honetan argitaratu dugu euskarazko rapari buruzko erreportaje bat eta, kasualitate txiki horietako bat izango da, El Temps astekarian honako titularrarekin egin dut topo: “Passes de gegant per al hip-hop en català”. Roger Palà kazetariak At Versaris taldearen A cada passa diskoa goratu du . Artikulua erabili du katalanez abestutako rapaz hitz egiteko ere, eta At Versarisekoei galdetzeko nola ikusten duten panorama. Erantzuna, oraindik ezin dela esan eszena bat sortu denik: “Banda gehiago falta dira, kalitate gehiago, lagun gehiago eta lehia sanoa”.
Talde gutxi han ere. Horretan behintzat, ez dirudi euskarazko rapa eta katalanezkoa oso egoera diferentean daudenik. Gauza asko dago egiteko, baina batzuk ari dira, ari direnez, eta emaitzek geroz eta gorago jartzen dute langa. Palàk dio: “Rap katalanaren eszena hasiberriak etorkizun handia dauka” [1]. Eta nik gauza bera uste dut euskarazko rapaz. Izango dela zerbait garrantzitsua.
Zergatik? Hona argudio batzuk:
Hemengo hip-hopa euskaraz garatzen ez den bitartean, gazteek gaztelaniaz hitz egiten jarraituko dute, nahiz eta euskaldunak izan. Gazteek rapa entzuten dute batez ere, baina gaztelaniazkoa, hori da haien erreferentzia. Horri buelta eman behar zaio, bestela jai daukagu (…) Baina heldu beharko du beranduago bada ere. Areago, bultzatu egin behar da. Zenbait musikari, gaztetxe, programatzaile eta eragilek hori indartzeko ahalegina egin behar dugula esango nuke nik. Hemen estrategiko hitza erabiltzen denean, ni futitzen naiz. Orain edozeri estrategiko hitza aurretik ipini eta aurrera, denok men egin behar dugu. Horixe da, hain juxtu, sustatu beharrekoa eta ez karpa erraldoia. Izenak bakarrik nekea sortzen dit….
Fermin Muguruza dixit, Garbine Ubeda Goikoetxearekin izandako solasaldian.
Eguneraketa (2009-VI-12, 10:42):
Goizeko kafearekin ikusi dut Hernanin Hip-Hop Eguna antolatu dutela bosgarren urtez. Informazio gehiago, Hernaniko Kronikan.
[1] Itzulpen arazo kezkagarri samar bat: El Tempseko artikuluak dio “La incipient escena del rap en la llengua del país té un gran futur”. “Llengua del país” nola euskaratzen da? “Herriko hizkuntza”? “Herrialdeko hizkuntza”? “Nazioaren hizkuntza”? “Estatuko hizkuntza” ez, oraindik… Azkenean “Rap katalanaren…” jarri dut. Proposamen oro kontuan izango dut.
1 Iruzkin
Zuk zeuk egin dozun aukera bera egingo neban nik be boli-man… azken batean, rap katalana esanda batek ulertu leike “rap regionala”, beste batek “rap autonomikoa”, beste batek “katalaniera hutsezko rapa”, beste batek “katalan herrialdeetako rapa” eta abar luze bat… “llengua del país” horrek eragin leiken eztabaida bera.. beraz, originala argigarria ez bada, zeure itzulpenak ere nahasmendua sortu behar dau… eta lortu dozu, beraz, putamadre boliman! Aio karaio!