Laguna telefonoan: “The Mars Voltak jotzen du Barakaldon, joango gara?”. Nik, aukeran, nahiago nuela taldeko batzuen aurreko banda, At The Drive-In, hardcoreta izaten jarraitzen nuela, baina tira, bueltatuko ez zirenez… Eta joan ginen, ikusi genituen martzianoak, nire aurreikuspen guztien gainetik aritu ziren eta denak kontentu. Baina atzo Danbakako albiste batetik Drowned in Sound-eko elkarrizketa batera iritsi, eta nire umorea azaltzeko emoticonik gabe geratu nintzen. Badirudi At The Drive-In bueltatu daitezkeela…
…baina kontua ez dago erabat garbi. Oso gaizki bukatu bide zuten taldekideek, ezaguna da hori. Berri ona da adiskidetzen hasiak direla, abeslariak, Cedric Bixler-Zabalak, ahoberokerian esandako gauza askorengatik barkamena eskatu ondoren. Baina… “we’ll se what happens” gris batekin bukatzen da elkarrizketa. Eta ez dakit marketin hutsa den (“ea horrela lortzen dugun The Mars Voltaren azken diskoa, gainontzean beste munduko ezer ez dena, gehixeago saltzea”) edo benetan itzultzeko asmoa duten.
Artean gazte eta berde ginela, Gorlizeko Xurruten jo zuten, eta han egon zirenek bakarrik dakite zer kristo izan behar zuen hark. Guk ez. Nahi bai; gauza argitzen den bitartean, zain egon beharko. Eta itxaroteko zer hoberik Relationship of Command diskoa baino? Ez daukazula? Eta zer egiten duzu hau irakurtzen? Korri deskargatzera!