The New York Times egunkariak maiatzaren 20an ondorengo titularra atera zuen, Guantanamoz ari zela: “Askatutako presoen 7tik 1 jihadera itzultzen da, Pentagonoaren arabera”. Eta albistea birusa legez zabaldu zen telebista kate guztietara. Egun hartan, Obamak AEBen segurtasunaz hitz egin behar zuen, baita Dick Cheneyk ere (ikuspuntu arras diferenteak eskaintzeko, bistan dena). Cheneyk munizio ona jaso zuen Times-en lerroburuari esker. Baina, askatutako presoen zazpirena itzultzen ari da jihadera, benetan?
Ekainaren 6ko Times-en, etorri da erantzuna. Clark Hoyt-ek, egunkariaren editore publikoak —arartekoaren antzeko kargua da, irakurleak defendatzea da haren lana— honako titulua daraman artikulua publikatu dizu: “Zer gertatu zaio eskeptikotasunari?”. Maiatzaren 20ko artikulua “akastuna” zela esan du; erabilitako materialak “zuloak” dituela; eta, ororen buru, artikulua argitaratu zela behar bezalako bermerik gabe, eta egoera politiko kargatu baten erdian. Gainera, Hoytek nabarmendu duenez, akatsa larriagoa da kontuan izanda The New York Timesek Irakeko inbasioaren aurretik argitaratu zituela zenbait ziri (Saddam Husseinen programa nuklearraz idatzitako artikulua kasu).
Titular batetik abiatuta askotxo harrotu dira hautsak mediamunduan. Nabarmentzekoa iruditu zait kasu honi Al Jazzerak egin dion jarraipena. Txukuna eta azkar ikusteko modukoa telebistaren ingelesezko katean, Listening Post saioan eskaini zioten erreportajea.
The New York Times-en eskuak zikin aterako dira Guantanamotik
Gorka Bereziartua
0