1999ko Seattleko istiluekin, begietako makarrak kendu genituen askok. Bestelako mundua posiblea zela, eta hori aldarrikatzen zuten musikariak ere entzuten hasi ginen. Rage Against The Machine, Asian Dub Foundation edo, etxekoen artean, Fermin Muguruza: musikaz harago zegoen (dago!) haien mezua. Baina pasatzen dira urteak eta ikusten duzu, mezu beraren mantuz jantzita irrati komertzialek nahiago dituztela bertsio lightagoak: Macaco, kasu.
Aski da Bartzelonako taldearen hitzetan bost minutuz promenatzea konturatzeko, funtsean, ez dutela ezer esaten. Klixe asko (“iraultza”, “Babilon”, “ama lurra”…), intentzio onak barra-barra, eta… eta… eta kito. Fini da. Harrigarria bada ere, disko osoa pasatzen da (nik Puerto presenterekin egin dut proba) eta eduki aldetik Teoren liburu bat baino arinagoa da.
Hori bai, mestizaia globalaren kontua garrantzitsua da: Macaco mundu osoko kidez osatua dago, eta defendatzen dituzten kausak, globalak dira; hau da, zakurraren ipurdiko kausa lokalak, baina ez etxe ondokoak (bestela irakurri Imanol Ubedak kontatu duen anekdota).
Uste dut Alain Badiouk esana duela (buruz ari naiz aipua berregituratzen, beraz barka okerrak) munduaren konplexutasun hori aldarrikatzean, funtsean, atonia aldarrikatzen dela: ezereza. Mundua zabala eta arrotza dela, eta hondartzan albokoarekin marihuana pixka bat partekatzea dela iraultza guztien artean handiena.
Esan dezadan buelta gehiagorik gabe: ez dut Macaco aguantatzen. Eta beraien kantaren bat entzutean, batez ere azken aldian edonon jartzen duten Moving gorrotagarria, ni jartzen naiz makakoaren gisan. Beraz badaezpada, Con la mano levantá dantzatzen ari zaretela bat-batean tximu ero bat tabernan agertzen bada, eta zuen burua ikusten baduzue Kill Billeko eszena horietako baten erdian, lasai: ni izango naiz. Eta lasaituko naiz tabernariak (oso ezkerrekoa bera ere) beste kantaren bat jartzen duenean.
3 Iruzkin
“Bakearen aldeko kontzertu” gogoangarri hartan (halako kakazaharra nekez ahaztuko dut) ikusi nuen lehen aldiz Macaco kontzertuan, Donostiako Zurriola hondartzan. Egia esateko, ez zitzaidan batere gustatu.
Handik urtebetera, MP3 irakurgailu bat erosi nuen, eta nire harridurarako, diska batzuk zeuzkan sartuta: “The Miseducation of Lauryn Hill” eta “Ingravitto”, Macacorena. MP3an behin eta berriro entzun nuen diska hori eta egia esateko, asko gustatu zitzaidan.
Gero etorri ziren tabernetako “conlamanolevantá” etengabeak, “mamatierra” ekoguayista, “Moving” gorrotagarria, eta buenrollismoaren bandera babatia. Une honetan, ez dakit zein iritzi dudan Macaco-ri buruz. Ez aingeru ez deabru, egia esateko, ez dakit Macaco zer den ere.
Honek Muchachada Nuikoek Manu Chaori buruz egin zuten bideoa gogorarazten dit: http://muchachadanui.rtve.es/celebrities-manu-chao.html “Primero ser humano, y luego cantante”
Edo Nor: ulertzen dut zein puntutan zauden; uda honetan taldearekin ematen ari diren txapa ikusita, baietz uste baino lehen deabru bihurtu berriro!
Assar: hahaha, gehien gustatzen zaidan Celebrities-en artean dago Manu Chaori eskaini ziotena. Baina gaur, Tourrarekin turra ematen ari direla ikusita, Miguel Indurainena aurkitu dut, eta… bueno, zerorrek juja ezazu zein den hobea: http://muchachadanui.rtve.es/celebrities-miguel-indurain.html