Coldplayren Yellow bigunaren aldean, gusturago entzuten dut oraindik Dead Kennedyseko Jello. Biafra, noski. Eta poztu egin naiz abenduaren 7an Bilboko Kafe Antzokian izango dela jakitean. Talde berriarekin dator, The Guantanamo School of Medicine; eta izango du zer kontatua, ziur.
Biafra ez baita inoiz isilik egotekoa izan. Punkaren ikono izateaz gain, politikan murgilduta dabil aspalditik: AEBetako berdeetako kidea, 2000. urtean ia aukeratu zuten presidentetarako hautagai izateko. Azkenean, alderdiak nahiago izan zuen Ralph Nader aurkeztea. Zer egin zuen Jellok? Demokraten eta Errepublikarren kanpainez informatu Indymediarentzat. “Don’t hate the media, become the media” esaera ezaguna berarena omen da. Azken aldian, zeresana sortu du Barack Obamari idatzitako gutun irekiak ere (Nobel Saria irabazi baino lehenagokoa da, noski).
Musikara itzuliz, taldearen MySpacean (ezkertiarrak New Corp.-en plataforman, ai!) entzungai dauden kantetan ez duzu berritik gehiegi aurkituko: eskola zaharreko punka, gitarra distortsionatuak eta ahots bat, eroa. Kontzertu bat diferentea da ordea, eta garai bateko tentsioa izango ez duen arren, rockaren dinosauro askok baino gehiago eskainiko duela apustu egingo nuke.
Argudio horiek nahiko ez badituzu, bideo-aperitifa jarraian. Sugus bat oparituko diot kantaren euskal bertsioa nork egin zuen asmatzen duenari (demonio erraza da eta, ez nago sari handiagoak emateko moduan).