Theremina, ARGIA bezain zaharra den instrumentu hori

Gorka Bereziartua
7

Theremin klasiko bat
Theremin klasiko bat

Uste dut Anariren kontzertu batean ikusi nuela aurreneko aldiz. Ondoan nuenari galdetu nion, gitarra-jolea bera, zer arraio ote zen eszenatokian ikusten ari ginen traste antenadun hori. “Uhinen bidez funtzionatzen du: eskua hurbilago jarriz gero, soinu baxuagoak ateratzen du; eta alderantziz, urrunduz gero, altuagoak”. Tresna futuristatzat hartu nuen Theremina: nire ondorengoek eskolan txirularen partez erabiliko duten instrumentua, agian. Baina ez nire garaikoa. Inola ere ez.

Aparkatu nuen kontua, atzo arratsaldean Bide Ertzean-en Twitterreko mezu bat irakurri nuen arte: “Musical lubrication totala, Andoaingo Jomesen eskutik”. Eta mezuarekin lotura, azpiko bideo honetara:

Eta berriro harrituta, baina oraingoan Google eskura, bila hasi nintzen. Nire sorpresa, 1919an sortu zela jakin nuenean. Fisikari eta txelo-jotzaile errusiar batek asmatu zuen, Lev Sergeievitx Termen-ek (a.k.a. Léon Theremin, izena frantsestu baitzuen).
Tresna elektronikoetan aitzindari, leku askotan erabili izan da: B Serieko film amerikarretatik, Led Zeppelinen Whole lotta love kantaraino. Theremin mota asko dago, baina erabiliena, estandarra, nolabait esateko Theremin Stratocasterra, Etherwave Standard izenekoa omen da.
Arazoa prezioa da. Edo ez zehazki. Prezioa baino, nola erabiliko duzun jakin gabe tresna batengatik 200 eurotik gora ordaintzea da problema. Horrek ere badu irtenbidea, lasai: brikolajea gustuko baduzu, eta pazientzia apur bat, badira gida laburrak (gaztelaniazko hau, kasu), zure Theremina etxean eraiki ahal izateko. Eta gaizki ateratzen bada, ez kezkatu: material berarekin irrati bat egin dezakezu.
Hori bai, jarri bolumena baxu: instrumentuari soinu polita atera arte bizilagun bat baino gehiago erotu dezakezu-eta.
Eguneraketa (2009-X-23, 17:56):
Beheko erantzun sorta polita ikusita jabetu naiz ez dudala mundua deskubritu Thereminari buruz idatzita. Gainera, Julenek Twitter bidez jakinarazi dit bere lagun batek ere kontuaz post- bat egin zuela, Thereminaz gain Reactable eta Tenori-O instrumentuak erakutsiz. Ez galdu Anpulubilan jarrita dauden bideo horiek: horrelakoen ondoren, jada ez nau ezerk harritzen.

7 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA