Goizean titular batekin egin dut topo Gipuzkoako buletin ez-ofizialean: “Cocaína hasta en el agua del grifo”. Atzo Donostian izandako jardunaldi batzuek eman dute goiburua. Bartzelonako Unibertsitateko María Teresa Galcerán irakasle katedradunak dio estoldetako urak, ibaietakoak eta txorrotakoak kokaina partikulak dituztela. 0,10 nanogramo kokaina dauzka Bilboko, Donostiako edo Gasteizeko etxe arrunt batetik ateratzen den ur litro bakoitzak; Iruñean bikoiztu egiten da kopurua (ez dugu Baiona, Donibane-Garazi eta Mauleko daturik).
Lerro artean ibili zale direnek ordea, betiko bidetik lortu beharko dute merkantzia aurrerantzean ere: kokaina dosi arrunt baten efektua lortzeko eguneko 35 litro ur edan beharko bailituzkete, 70 bat urtez (eta landare bihurtu gabe). Berriarekin kezkatu denari esan lasai egoteko, adituen esanetan osasunarentzat ez baita kaltegarria martxa pixka bat.
Horrelakorik nola gerta daitekeen galdetuta, zera azaldu zuten atzoko hizlariek: droga kontsumitzen dutenen gernuak eramaten dituela arrastoak ibaietara, eta handik urak araztegira egiten du. Araztegia, ordea, ez dago prestatua horrelako substantziak behar bezala filtratzeko. Edo —pentsatzen duzu— badago lan horretarako prestatua; are, lan hori egiten du; baina araztegiko nagusiari ez zaio komeni barrioko kolegek jakitea, merkaturatzen duena bigarren eskuko generoa dela. Zer gerta ere.