Badira egun batzuk ederrak: esnatzen zara txorien kantarekin, gosari oparo bat trankil hartu, kaleko jendeari diosal irribarretsuak eginez lanerako bidea hartu… Eta mahaian esertzean, titular batek gorotz beroa botatzen dizu aurpegira. Akabo zure egunaren distira; hatzamar puntekin aurpegitik simaurra kendu behar izan nuen atzo, nazka pixka batekin eta haserre samar, EiTB.com-eko titular bat irakurri ondoren: “Euskara da munduko hizkuntza zailena”.
Behin notizia usain altuko materia organikoen artean sailkaturik, trata dezagun behar den bezala, sardea sartuta:
1) EiTB.com-ek dio “Leiophiles blog ospetsuan” zabaldu dela berria. Eta ez dago Leiophiles izeneko blogik; Lexiophiles da. Ospetsua omen. Ba, ez da oso ezaguna izango, prestigioa aitortu nahi diotenek izena gaizki jartzen badiote. Ironikoa ere bada: benetan inork uste du, bizi dugun mundu honetan “Lexikofiloak” izeneko blog bat “ospetsu” izatera irits daitekeela? Gainera, Luistxo Fernandezek Sustatun atzo ohartarazi zuen moduan, badago nahiko motibo gunearen fidagarritasuna ezbaian jartzeko.
2) 2008ko urriaren 24ko post- batean oinarrituta dago albistea. Irakurleak, tekleatzen ari den kazetari hau bezain despistatua bada, egutegi bat beharko du agian, gaurko data jakiteko. Baina oinak lur honetan dituen edonork badaki 2009aren hondarrean gaudela. Beraz, galdetzeko modukoa iruditzen zait honakoa: zein mekanismo arraroren bidez bihurtzen da albiste orain joan den urtean argitaratutako mezu bat?
3) “Albiste”-aren iturria Britainia Handiko gobernuak 23 herrialdetako diplomatikoen artean egindako ikerketa omen da. Eta, non dago? Testuak ez du loturarik ematen, eta Interneten bilatu dudan arren (Google-en “Hardest language to learn site:direct.gov.uk” idatziz gero Britainia Handiko gobernuaren webgune osoan bilatzen du) ez dut emaitzarik aurkitu.
4) Alde handikoak dira Lexiophiles-eko testuaren doinua eta EiTBkoa: aipatutako blogean ranking bat eskaintzen dizute 1etik 10era, eta azalpen informal samar bat (honela hasten da: “Badira zenbait galdera arantzatsu, maila bateraino inoiz behar bezala erantzungo ez direnak. Adibidez, zergatik dator trena beti berandu gu garaiz gabiltzanean, eta zergatik beti garaiz gu berandu goazenean?”); EiTBn aldiz, doinu “informatiboa” eman diote erabat, rankingaren ordena azpimarratuz, eta iturriari erabateko fidagarritasuna aitortuz.
5) Iturria dudazkoa dela nahiko argi geratu bada ere, demagun baietz, existitzen dela ikerketa. Hala ere, uste dut galdetu beharko genukeela Kokoteraino erabiltzaileak Zabaldu.com-en egin duen bezala: “Eta ze esperientzia edo irizpide dute diplomatiko horiek horrelako zerbait aukeratzeko? Zenbatek ikasi dute txinera, hungariera, japoniera eta euskara konparatu ahal izateko?”.
6) Baina tira, Internet informazio iturri ona da ezta? Eta, azken finean, ikerketa baten berri emateaz bestelako bekaturik ez du egin EiTB.com-ek. Demagun horrela dela. Zergatik, ordea, informatu du euskararen zailtasuna azpimarratzen duen blog bateko mezu batez? Ze, Language-Learning-Advisor webgune paregabean diote Txinera dela ikasteko zailena; Claritaslux blog ezinhobean berriz, poloniera; Buzzle.com izeneko web perfektuan (prestigioa ematen hasita…) aldiz, ez dute sanskritoa baino zailagorik aurkitu. Baina gure medio publikoak nahiago izan du euskararen zailtasuna azpimarratu.
Hain hizkuntza zaila edukitzeagatik inor baino listoagoak garela esateko egin ote dute? Kazetari honek, umorea simaurrak txarturik, beste bi hipotesi proposatu nahi lituzke. Juja ezazue zuek zein iruditzen zaizuen egiazkoagoa:
a) Albistea idatzi duen kazetariak euskara ikasteko oso gaizki pasa zuen; hain gaizki, ezen trauma psikologiko bat eragin baitzion; urte asko egin behar izan ditu terapian; galdu zituen lagunak, bikotea, amorantea; galdu zituen autoa, soldata, etxea; eta mendeku gose zen. Beraz, euskara ikasten zaila dela dioen aurreneko berria ikusirik itsutu egin da eta, junkie batek xiringari nola, “argitaratu” botoiari sakatu dio.
b) EiTB zaharberrituak, eskaini nahi izan digu aldaketa giro berriaren beste erakusgarri bat, sudurzuloak zabalik arnasteko horietakoa. Urrats txikia medioarentzat, urrats handia gizartearentzat, “doktrinatze” eta “etnizismo” ororen kontra (besteenak baitira joera horiek osoan). “Euskara zaila da eta punto, bada garaia ikerketaren batek argi esateko!” oihu egingo zuen kargudunen batek, buroren bateko mahaian oinak jarririk purua erretzen (modu hipotetikoan ari gara); eta kargudun izan nahi duen batek aditu. Baina ikerketarik inondik agertzen ez, eta blog ziztrin bateko mezu funtsgabearekin konformatu behar.
Hara hor bi modu, arras diferenteak, EiTB.com-en irakurle bati eguna zimeltzeko. Horrelako gorotz puskekin baratza behintzat ez al zaigu hondatuko!
PS: Agian interesatuko zaizu euskararen balizko zailtasun horretaz bestelako iritzirik jasotzea. Hara zer esan zuen Durk Gorter herbeheretarrak:
Saihesten ari naiz euskara zaila dela esatea. Euskara ezberdina da, Europako beste hizkuntzekin konparatuta. Kexa hori darabilten erdaldunek nik baino abantaila handiagoak dituzte: ahoskera, soinuak berberak dira, hizkuntzaren alderdi pragmatikoa… Euskara oso logikoa da; ez daukazu ia salbuespenik, arauak oso finkoak dira.
1 Iruzkin
Hipotesiez ari garenez,horra hor nerea: euskara zaila dela, ikasi nahi ez dutenek ez ikasteko jartzen duten aitzakia merkea besterik ez da!Eta EITB-k ideia hori bere hartu baldin badu, atzean duen gobernuak gure hizkuntza sustatzeko duen gogoaren erakusgarri da dudarik gabe!