Inoiz ez nuen Leihotikan zuzenean jotzen ikusi, atzo arratsera arte. Donostiako Dokan zen zita, jendez tamainan, eta aurreko lerroetan taldearen fanatiko sorta bat (“estimatuak zarete!” oihukatzen zuen horietako batek, eskua bihotzean). Horri esker, gutxitan gertatzen den fenomeno baten lekuko izan nintzen: kontzertua bukatu, protokolozko ‘bis’-ak kantatu eta taldekideak kamerinora joan ziren, baina laster hasi ziren ikusleak gehiago eskatzen, “beste bat, beste bat!”, “alferrak!”, “poperoak!”.
Eta Iruñekoek oso serio hartzen dute herriaren borondatea. Leher eginda bazeuden ere, tresnak hartu eta berriz igo ziren agertokira… baina kanta gehiago prestaturik ez. Aurretik jotako batzuk errepikatu behar izan zituzten, Zure soineko urdinarekin amaitu zen showa. Benetako ‘bis’ bat, azken aldian kontzertu gutxitan ikusten den zerbait. Eta eskertzen da, eskemak puskatzeko baino ez bada ere.
Izan zen anekdota gehiago ere: Punki taldeko managerraren urtebetetzea zela-eta, ikusleek “Zorionak zuri” kantatu zioten; Tximaluzedun burusoilak jotzen ari zirelarik (“Ez nazazu/ inoiz berriz eraman/ kontzertu heavy batera”) ikusleen artean kalez jantzita zegoen heavy batek esku adarduna altxa zuen, protesta modura, imajinatu nahi dugu; eta Punk rockeko bigarren zatia hasi aurretik (“Eta orain eszenak hartzen duen zentzua…” esanez hasten den partea, alegia) taldea isildu egin zen. Birika betean abesten ari ginenok, orduan ulertu genuen zergatik ez dugun karrerarik atera musikaren munduan.
Disko berriren baten zain, hona hemen laukotearen azkenari titulua eman zion kantaren bideoa: Ilunago, ederrago.
5 Iruzkin
Illunago, ederrago entzuten dodan bakoitzien etortzen jat burura bad religionen bertsino bat dala, the answerrena. ez jatzu iruditzen?
Aupa Jane!
Tira, bertsioa ez dut uste, baina bai, bi kantak entzunda halako aire komun bat badaukate. Konparatzeko: Bad Religionena Goear-en entzun daiteke.
Purtzil halakoa. Heavy metala eta Leihotikan bateragarriak dira.
Kontzertuari dagokionez, azken boladan gozatu eta bizitako onena izan zen zalantzarik gabe. Eta noski, fanatiko sorta horren zati handiena nire koadrilak (ni barne) osatzen zuen… Gogoa genuen eta nafarren kontzertu batekin gozatzeko. Eta gogo hori ederki bete genuen.
25 kantutik gora eskaini zituzten, eta zorionez “Hemen ez da ezer aldatzen” disko eta harribitxiko kantu dezente jo zituzten.
25 urtetik gorakoak ginen nagusi kontzertuan. Hori ere ezin utzi nabarmendu gabe. Nabari da 90ko hamarkadan musika janez hazitakoek Leihotikan dugula gustuen zerrendan. Berri Txarrak ere (baina a ze aldea!). Hala ere, lastima da egungo gazte “des-kontrolatuek” Iruñeko punk rock melodikoaren maisuak ez estimatzea.
Aupa Iñaxio!
Ez nuen kalez jantzitako heavya izen-abizenez identifikatu nahi, uste nuelako zure metalero urguilu hori pixka bat apaldua zela azken aldian; eta hori pentsatzen hasia nintzen, ziurrenik, zure Psilocybeneako kamiseta ikusi nuenetik. Baina tira, bego, edo “stay heavy” edo dena delakoa…
Adinaz: kuriosoa ere bada. Zuk eta biok ezagutzen dugun kazetari musikal bati (hau ere ez dut identifikaturen, aklarazioak e-postaz) Leihotikan ikustera nindoala esan eta honako erantzuna eman zidan: “Leihotikan? A ze teenagerra!!”. Noski, harentzat gu teenagerrak gara, aipatzen dituzun gazte “des-kontrolatuak” guretzat teenagerrak diren modu beretsuan.
Eta, zer nahi duzu esatea, Des-Kontrol ez daude nire gogokoenen zerrendan, baina askoz gauza okerragoak badaude; eta HC kaliforniarraz ari garenez, ez ahaztu arrasatearrek kontzertuetan Rancid-en “Roots radicals” bertsioneatzen dutela… Baten bat hortik tiraka iritsiko da Epitaph-era, NOFX-era, Pennywise-era… Leihotikan edo Ezinean entzuten hasteko guk baino buelta txikiagoa eman beharko duela, alegia.
A ze parea. Bata heavy-tik haratagoa biziza existitzen dela deskubrituta, eta bestea Dut-en banatze berantiarraren ondorizko depresio berantiarrarekin, biak ere iparra galduta.
Nik ostiralean Rupert ikusiko dut, eta larunbatean Vetiver.
On egin