Irakurriak ditut lau eskutara idatzitako liburuak, entzunak lau ahotsetara kantatutako abestiak, baita lau hanketara… tira. Baina sekula ikusi gabea nintzen gitarra bat lau eskutara jotzen. Lankide batek erakutsi dit bideoa, eta oso bitxia egin zait. Birtuosismo ariketa originala Cecilia Siqueira eta Fernando Lima bikote uruguaitar-brasildarrarena.
Hego Amerikan ote daude sei soken astintzaile onenak? Aste honetan ARGIAn publikatu dugun gai bat etorri zait burura musikarion jatorria ikusita: Urrezko Pua lehiaketari buruzko artikuluaz ari naiz, Uxua Larretxeak eskribitua. Uruguaitik Donostiara etorri, eta Leize Gorria tabernan gitarraren santutegia antolatu dute Biurrun Viturro familiako kideek: ohiko kontzertuez gain, gitarra-joleek euren abildadeak erakusteko erakusleihoa.
Ez dakidana da, Siqueira-Lima bikoteak datorren urteko Urrezko Puan parte hartuz gero, beste inor ausartuko ote den izen ematen…