Boligrafo Gorria
Musika
by Gorka Bereziartua
  • Musika

Patxi Lopez eta kanta baten testuinguru galdua

Gorka Bereziartua
2009-12-29
1

Patxi Lopez, agian Ordorikaren kantaren bat entzuten
Patxi Lopez, agian Ordorikaren kantaren bat entzuten

Patxi Lopezen blogera iritsi naiz atzoko inuxentada baten hariari segika: 2008ko mezu bat, oraindik hautagai zenekoa, Ruper Ordorika goraipatzen: “uno de mis cantantes favoritos”, tar, tar, tar. Leindiekariaren musika zaletasunaz hitz egin da franko, eta gogoa ematen du Ur Apalategi parafraseatuz esateko: “niri ere Ruper Ordorika da gustatzen zaidana, ez zu”. Baina Lopezek, Ruperzalea dela esateaz gain, Zaindu maite duzun hori kantaren bideoa jarri du, eta hitzak Joseba Sarrionandiarenak direla esan.
Oso nahastuta ez banabil okerra da datu hori, disko hartan (Kantuok jartzen ditut) Sarrionandiaren hitz bakarrak Kantuaren gauza galduakoak baitziren. Beraz, inuxentadak ere zentzua galtzen du, Sarrionandiaren hitzak ez direnez, ez legokeelako inongo aukerarik apologiatan ibiltzeko… nik uste (batek daki, mundu arrano honetan).
Edozein modutan, ez al da susmagarria Lopez hitzen egilearekin tematzea hanka sartzeraino, kantaren beste ezaugarri batzuk aipatu gabe utziz? Ezaguna baita Ordorikak disko hura “egoera jakin batekin” lotuta osatu zuela. 2003koa da, Egunkaria itxi osteko shock post-traumatiko betean egina. Ia zazpi urte joan dira, baina duela bi aste ere, Donostiako Antzoki Zaharrean eskaini zuen kontzertuan, Ordorikak Zainduri ekin aurretik gogora ekarri zuen nolako egoeran jaio zen abestia. Eta triste azaldu zen, hainbeste denboraren ondoren aktual izaten jarraitzen zuelako.
Lopezi ez zaio hori interesatzen. Egunkaria auzia, bidegabe, lotsagarri, ahozko epaiketara iritsi delarik, txintik ere ez du esan. Iduri du euskal kulturarena noizean behin jakan jartzen duen txapa dela; zerbait retroa, rustikoa agian, betegarri baina inoiz ez oinarrizko. Euskal musika gustatzen zaio, euskararen alde hitz egiten du, betiere “bizitza harmoniaz kopulatiboa” (sic!) den bitartean… erran nahi baita, euskara gaztelaniaren eskutik badabil. Baina herritar batzuk euskara hutsezko egunkari bat publikatzeagatik ainubera joateko arriskuan daudenean, lehendakariak ez du kantu leunik jartzeko gogorik; ez zaio bertso ttikirik ateratzen; ez du maite duen hori zaintzeko ahaleginik egiten. Eta beraz, gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi.
PS: Hala ere, Lopezi aitortu behar diogu geografia berriak asmatzeko irudimena badaukala. Irakurri blogean nola itzuli dituen hitzak gaztelaniara. Eta… Ainubi hori non dago? Zer da, mendi bat edo?
Eguneraketa (2009-XII-29, 11: 04):
Lopez-Ordorika harremanaz, interesgarria Jozulinek idatzitako fakea, Gafas verdes y patillas azules (Sustatun irakurria).

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

egunkaria auziajoseba sarrionandiapatxi lopezruper ordorikazaindu maite duzun hori
1 Iruzkin
    Tweets that mention Patxi Lopez eta kanta baten testuinguru galdua — Topsy.com (e)k dio: Erantzun
    2009-12-29, 11:26

    […] This post was mentioned on Twitter by Ishikawa, Gorka Bereziartua. Gorka Bereziartua said: [BG] Patxi Lopez eta kanta baten testuinguru galdua http://bit.ly/4N0B31 […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Leontziok e-book bat behar du2009-12-11
Nobela fragmentario bat, zati-zati eginda porturatzen2009-12-31
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA