“Regresa”: Nafarroako printzesa euskaraz berbetan komedia mexikar batean

Gorka Bereziartua
6

Pelikula mexikar baten aurrerapena bidali dit lankide batek e-postara, xelebrea dela, flipatu egin duela esanez. Zer izango ote den ikusteko play sakatu eta honakoarekin egin dut topo: film mexikar bat, komedia erromantikoaren itxurakoa. Ernestoren eta Mariaren harremana ez dago momentu onean eta Mariak, irtenbide bila, hipnosi-terapiara joko du. Esnatu da eta ero aurpegiz terapeutari oihu egin dio: “Nor zara zu?!”. Horrela, euskaraz.


Izan ere Maria (Blanca Soto), XV. mendeko printzesa nafarra dela pentsatuz esnatuko da Regresa filmean, eta, noski, euskaraz hizketan. Ernestok (Jaime Camil) direnak eta ez direnak egingo ditu emaztea bere onera itzul dadin.
Filmeko zati batzuk Euskal Herrian grabatu dituzte eta Javier Tolosa aktore irundarrak parte hartu du (klixea ondo kunplituz, dena esan behar bada: Tolosaren pertsonaiak Iñaki izena du eta sukaldaria da; benetako euskaldunen gremiokoa dela, alegia).
Mexikon urtarrilaren 22an estreinatu zuten, eta ez dakit Euskal Herrira ekartzeko asmorik ba ote duten. Planteamendua zein den ikusita nik ez nuke zineko sarrera ordainduko, baina uste dut produktoreek kontu handiz baloratu beharko luketela hemen estreinatzea. Ikusita Nafarroako Erreinuarekin zerikusia duen edozerk nolako interesa pizten duen, batek daki aretoak ez ote liratekeen lehertzeraino beteko…

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA