Karrerako azken urtean zaletu nintzen Damien Rice-en musikarekin. Klasekide batek 0 diskoa pasa zidan eta ni berehala engantxatu, gitarra akustiko soil bat lagun, irlandar honek egiten dituen doinu malenkoniatsuetara. Baina garaitsu hartan, unibertsitateko pisukideok House telesailera ere zaletu ginen. Ez genuen kapitulu bat galtzen eta doktore ipurterre-baina-izugarri-listoak egiten zituen txiste batzuk gure eguneroko hizkeran sartu ziren.
Momentu hartan ez zidan molestatu Housen kapitulu asko bukatzea Ricen abestiren batekin. Guztiz logikoa zen ez molestatzea. Azken finean, urdaiazpikoa eta gazta bakoitza bere aldetik gustuko baditut, biak batera ogitarteko batean gustura jango ditut, ezta?
Arazoa hasten da, edo urdaiazpikoaz, edo gaztaz nazkatzen zarenean. Nire kasuan, Housek akitu ninduen: gidoiak izugarri errepikakorrak izaten hasi ziren (hainbeste, blog batean baino gehiagotan kapitulu estandar bat imitatzen asmatu dutela), sorpresa, indarra, kolpea… grazia galdu zuela esango nuke. Eta nazkatu egin nintzen.
Problema da Housez nazkatzearekin batera, ezin izan dudala Ricen musikarik berriro entzun, telesailaz oroitzen naizelako beti.
Eta fenomeno hau bizi ondoren, hobeto ulertuko duzue Isabel Coixeten pelikularik ez ikustea erabaki izana. Guztiz logikoa da: Antony & The Johnsons-en diskoak lasai entzun nahi ditut aurrerantzean ere; ia film guztietan sartzen du haien kantaren bat Coixetek, eta niri bere pelikulek a priori ez didate konfiantzarik ematen, Espainiako prentsak “kalitatezko zuzendari ofizial” berri bihurtu duelako.
Baina, klaro, ezin naiz soinu banda guztiekin horrela ibili: gaitz hau sendatzen al da, doktore?
3 Iruzkin
Gauza bera gertatzen zait neri Saderekin. Garai batean asko gustatzen zitzaidan, eta bat-batean Adrian Lyne-en Indecent proposal despropositoa ikusi nuen: ez dakit norbaitek gogoratuko duen (hobe ez badu inork gogoratzen) baina pelikularen eszenarik horteroenean (eta hau asko esatea da) Saderen No ordinary love sartu zuten. Akabo nire idilioa Saderekin.
Ba, ez dakizu nola lasaitzen nauen horrelako maniak dituen bakarra ez izateak… Eta, begira, ez neukan “Indecent proposal” ikusteko asmorik, baina Saderen zerbait jaitsiko dut oraintxe 😉
eskerrak house ez dudan ia inoiz ikusi eta coixeten filmerik ere ez (zergatik? auskalo)baina pozten naiz, zuk dezun gaixotasun horrekin ezingo nuke bizi ta! Damien eta Antony beharrezkoak dira nere bizitzan…