Ahuntzaren txiste hartan bezala

Gorka Bereziartua
0

Viggo Mortensen 'The road'-eko sekuentzia batean
'The road'-eko eszena bat

Asteburuan ikusi nuen The road, John Hillcoatek Cormac McCarthyren nobelarekin egin duen egokitzapena. Duela gutxi aritu ginen liburuaz (eta luzetxo aukeran), baina pena litzateke pelikula komentatu gabe uztea.
Nobela konplikatua da pantailaratzeko: eleberriko pasarte estuenek asko zor diote idazkerari, estiloari, McCarthyk parte bat erakutsiz gehiena ezkutatzeko daukan abildadeari. Eta ez nekien Hillcoat (edo beste inor) gai izango ote zen hori ikus-entzunezkora behar bezala ekartzeko. Medioa bera, zinema, zen arazoa. Baina, bestalde, egia da Coen anaiak airoso atera zirela No country for old menekin, eta seguruenik horrek bultzatu ninduen aretora.
Behin filma bukatuta, burutazio batzuk: 1) Hillcoat saiatu da nobelaren espiritua gutxi-asko errespetatzen, nahiz eta gauza batzuk aldatu dituen: aitaren hasierako offak “kaka esplikatzen” du lehen momentutik, eta horregatik, nire ustez, gauza gehiegi dakizkigu istorioa batere garatu gabe egon arren. 2) Gontzal Agotek Berrian egin kritikan aipatzen zuen, eta ados nago: musika lasai asko ken zezakeen zuzendariak. 3) Aita-semeen inoranzko bidaian, tentsiozko eszena batzuk badaude, eta ondo funtzionatzen dute; bidaiaren eguneroko monotonia islatzen duten uneak, ordea, ez daude hain ondo landuak… Plano luzeagoak eskertuko nituen momentu batzuetan, arrisku handixeagoak hartzea. 4) Pelikulak garrantzi handiagoa ematen dio aitaren eta amaren harremanari, liburuak baino (Charlize Theron gehiago atera beharra, akaso?). 5) Esango nuke, filmak baduela liburuak ez daukan berniz erlijioso esplizitu bat (adibidez, eliza batean lo egiten dutelarik, gurutzearen irudiak hartzen du planoaren erdigunea, bizirauteko gogoa Jainkoarekin-edo lotuz). 6) Dena dela, maila guztietan aprobatzen duen filma, nire ustez.
Beraz, eta bestela esateko, ahuntzaren txiste hartan bezala sentitu naiz. Ez al duzue ezagutzen? Hor doa ba: ahuntz bat zeluloide bobina bat jaten ari da, eta beste ahuntz bat hurbildu zaio.
— Goxoa al dago?
— Bah… Liburua goxoagoa.
PS: Ez naiz bakarra. Metacritic-en begiratu bestela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA