Slavoj Zizek elkarrizketatzekoak ginen gaur Iñigo Astiz eta biok Iruñeko Baluarten. Nik ARGIArako. Iñigok Berriarako. Nire hitzordua goizeko hamarretan; Iñigorena, arratsaldeko seietan. Baina Arquitectura mas por menos kongresuko antolakuntzak atzeratu egin dit elkarrizketa ordua, eta Iñigorekin bazkaltzen, zalantzan geunden filosofo esloveniarrarekin hitz egitea posible izango ote genuen. Ez ote ziren luzamendu gehiegi. Eta azken finean, euskal prentsa, kongresu honen antolatzaileentzat, ez dela existitzen. Bagindoazen Baluarterantz Sarasate pasealekutik, eguna alferrik galdu izanaren sentsazioarekin, eta nor ikusiko oinez izozki bat jaten? Bai, Zizek.
Iñigo hurbildu zaio aurrena. Ni atzetik. Eta berarekin joan gara kongresu jauregiraino hizketan, elkarrizketa lotu nahian: Iruñea Espainia ote den galdetu digu; eta erantzuna aditu duelarik, bihar goizerako jarri dugu hitzordua. “Terrorist meeting” esan du berak, umorez. Horrela esanda bitxia da. Are bitxiagoa han, Baluarte kanpoan dagoen kafetegian, gorbata inportante askori (Vicente Verdurena, kasu) bizkarra emanda: “I want to talk to basque terrorists” . Bitan, hirutan errepikatu du.
“Barka izozkia izorratu badizugu” esan dio Iñigok agurtzeko.
“Barkatu zuek niri, elkarrizketa atzeratu izanagatik; jo nazazue, egidazue ttu, nahi baduzue”.
Ez, lasai, nahikoa anekdota badaukagu gaurkoz: bihar, beharbada, gehiago.
5 Iruzkin
Bejondeizuela. baina, azkenean, egin diozue ttu ala ez?
Keba, dena oso polite joan da gaur goizean. Bakoitzak ordubete-edo izan dugu Zizekekin hitz egiteko… atzo eguerdian esan izan balidate, ez nuen sinetsiko!
Orriak pasa zituen Zizek jaunak baina espreski bere burua ez nion erakutsi, ooso aspertuta balego argazkian, topatuko zuen, kar kar.
Izan funktsa Gorka, malabareak egiten baditut agian Bukowskiratuko naiz.
Petonets!
[…] bitartean, Gorka Bereziartuak kontatu duenez, bazihoazen bazkal ondoren bera eta Iñigo “Baluarterantz Sarasate pasealekutik, eguna alferrik […]
Just in case, gaurkoan Garazi Goia Berrian Zizekeniaren kapituluaren beste orri bat izkiriatzen:
Garazi Goia
Probokazioak
Iragana aldatu ahalko bazenu, zer ezabatuko zenuke? Nire jaiotza, tokatu dakizukeen zorterik handiena ez jaiotzea da. / Zein da egungo ezkerraren proposamena? Ezkerrak ez dauka proposamen propiorik. / Nor edo zer da zure bizitzako amodioa? Filosofia; askotan pentsatzen dut errealitatea espekula dezagun bakarrik existitzen dela. / Zein da zure bizitzan gehien desengainatu zaituen gertaera? Komunismoaren porrot katastrofikoa. / Nola sentitzen duzu amodioa? Bizkarroi handi bat bezala, plazer txiki guztiak suntsitzen dituen egoera iraunkor bat bezala.
Slavoj Zizek filosofo eta idazleak emandako erantzunak dira horiek.
Opera kontzertuetarako egokitua dagoen gela batean tokatu zitzaion aste honetan hitzaldia ematea, Londresko Literatura Jaialdiko ekitaldietako batean. Bertan bildu ginen milaka pertsonak txaloka hartu genuen Zizek. Pop izar bihurtutako pop filosofoa bailitzan. Filosofia erraza egiten duela aurpegiratu diote batzuek, zinikoa dela esaten dute besteek eta haren lanak asko kritikatu dituzte. Baina modako ezkerreko pentsalaria bihurtu da Zizek, eta jendetza izugarria biltzen du nonahi doala ere.
Kapitalismoaren apokalipsia iristear dagoela esanez hasi zuen bere hitzaldia. Eta ia bi ordutan gai ugariz aritu zen: marxismoaz, kristautasunaren krisi moralaz, Hegeli dion errespetuaz, iraultza sozialaz, krisi ekonomikoaz, etorkizunaz…Hain berezkoa duen elokuentzia trebe eta probokatzailean beti.
Esango diguzu sekretu bat? «Egun batean komunismoak irabaziko du» esan, eta gelatik atera zen, txalo zaparradaren erdian, eta haren sinadura lortzeko zain zituen jarraitzaileengana abiatuz.
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2010-07-10/006/010/probokazioak.htm