Zikloak

Gorka Bereziartua
0

Ziklo batzuk betetzea da kontua: Reyesek deitu zuenean banuen susmoa; hau zela kurtsoko azkena; eta hitzak, “azkena” horrek, izutu egin ninduen. Amesgaiztotan pasa nuen gau hura Leihotikan taldearekin: kaletik segika zetozkidan Bukatu da kantatzen, Frank Sinatraren koro eta guzti, punk kaliforniarraren eta New Yorkeko crooner estiloaren sintesi ezinezkoan.

Uda ere, ziklo bat besterik ez da
Uda ere, ziklo bat baino ez da

Ez baitzait gustatzen uda, horrela, bere osoan: ziklisten zikloaren hasiera da, berbarako. Laster dugu Frantziako tourra, eta telebistako txirrindularien balentriak imitatu nahian, zikloturista gilbor-handiz beteko zaizkigu Euskal Herriko errepideak oro. Bai, badakit, ziklo bat besterik ez da: udazkenarekin jaitsiko dira bizikletatik. Baina hastear dugu zikloien zikloa ere: San Juan suarekin batera garagardo merkea, txiza-arrastoak eta txosnak, aurten inoiz baino entretenituago, Hegoaldeko administrazioak ados jarri baitira soldado ergelak ere festetara bidaltzeko txispaz armaturik eta, nola ez, ipurtzuloraino ziklatuta.
Tira, goizago edo beranduago, horiei ere amaituko zaie zikloa. Baina nik irailean ez dut ezer faltan botako: uda hilda, neskak pasatzen ikusi; dena izango da 80ko hamarkadako kanta hartan bezala; ni berriz izango naiz, noizbait izan nintzen tipo hura. Bueltatuko gara, faszikuluak legez, agian melanomaren batekin, baina dolu gabe, ez baitugu ezer berezirik egingo, gauza bereziak egiteko munduko denbora guztia eduki dugun arren.
Bai, badakit, ez da oso ikuspuntu baikorra. Hori ere, ziklo kontua izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA