Amets hau ez da erabat sinesgarria

Gorka Bereziartua
3

inception
'Inception'-eko ametsetan hiriak irudimen hutsarekin tolestu daitezke

Hamarkada honetako Matrix: berba horiekin deskribatu dute, estreinatu eta berehala, Cristopher Nolanen Inception filma. Eta zenbait aspektuk zilegi egiten dute konparazioa, esaterako, Wachowski anaien mundu birtual informatikoak eta Nolanen pelikuletako ametsek, biek paratzen digute galdera bera sudur aurrean: benetakoa al da bizi dugun mundu hau? Errepresentazio hutsa ez ote?

Dom Cobb (DiCaprio) ideia-lapurra da. Korporazio handien enkarguz lan egiten du, kontrako enpresaburuen ametsetatik sekretuak ebasten. Baina huts egingo du filmaren hasieran, ezingo du Saitoren (Watanabe) kaskotik behar zuen informazioa atera eta orain enkargua egin dion enpresak sator artera bidali nahi du. Irteera bakarra Saitok berak eskainiko dio. Lantxo bat dauka Cobbentzat: Maurice Fischer handi-mandia hilzorian dago eta haren semeak aitaren inperio ekonomikoa bertan behera uztea lortu behar da. Fischer gaztearen (Murphy) ametsetan sartu, eta ideiak ostu ordez, berriak sartu. Cobbek ordea, problemak ditu bere subkontzientearekin; hildako emaztea agertzen zaio eta ez dio lasai lan egiten uzten.
Lehengai horiekin Nolani emaitza luzea atera zaio minututan. Beharbada filmeko tiroketa eta ekintza-eszena batzuk kimatuta eramangarriagoa izango zen, baina, dena dela, Inception ez da astuna egiten ikusteko. Ez da hori filmaren alde ahulena.
Daukan akatsa da, xedea zortzimilakoan jarri ondoren, Hiru Erregeen Mahaiaren tontorrean geratzen dela; ez da gutxi, baina ez da gauza bera. Seguruenik, Matrixen aldean, beste mundu horren —kasu honetan ametsen— egiantzekotasuna zaintzeko lan gutxiago egin delako. Ez da zientzia-fikzioa bete-betean besarkatzen duen lana, baina hala ere gauza batzuk esplikatu ezean zintzilik geratzen direla esango nuke. Adibidez, ez zaigu azaltzen nola funtzionatzen duen besteren lozorroan sartze horrek, nola kontrolatzen duten lapurrek beraien burua lasai lan egin ahal izateko; eta ametsetan daudenean ere, kaleak, pertsonak, solasak… dena “errealegia” egiten da, urrun dago mundu onirikotik. A, eta bukaera efektistak ez dio mesederik egiten pelikulari nire irudiko.
Halere, ikusteko modukoa da, sikiera oporrak bukatu diren kontu hori ametsa besterik ez dela pentsatzeko.
[ARGIAren 2242. zenbakian argitaratzekoa]

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA