Boligrafo Gorria
Zinema - ikus-entzunezkoak
by Gorka Bereziartua
  • Zinema - ikus-entzunezkoak

Nepotismoa Venezian

Gorka Bereziartua
2010-09-13
1

"Um... nabarmenegi geratu da, ezta?"

Zinema jaialdietako epaimahaiek ezin dutela irizpide objektiborik eduki, gauza jakina da. Baina aurtengo Veneziakoa ez al da lartxo izan? Alex de la Iglesia eta Sofia Coppola garaile, aurrenekoak zuzendari eta gidoi onenaren sariak, bigarrenak film hoberenari dagokiona. Kasualitate handiegia, kontuan hartuta epaimahaiburua Quentin Tarantino izan dela. De la Iglesia haren adiskide eta jarraitzailea da; Coppola berriz, ohaide izandakoa.

Eta hori bakarrik izango balitz. Epaimahaiak sari berezia sortu du, karrera osoa kontuan hartzen duena, Monte Hellman Veneziatik esku hutsik itzul ez zedin. Hellman, ondo dago jakitea, Tarantinoren lehen filmeko ekoizle exekutiboa izan zen.
Lagunkeria lotsagabea izan dela esan dutenen aurrean, Quentin barrabasak kokotsa harrotu du. 1992ko Sundance festibalaz akordatu da, nola Hellmanekin hizketan aritu zen: “Nik banuen lagun bat epaimahaian, eta berak [Hellmanek, alegia] esan zidan epaimahaiko laguna zure etsairik handiena dela, lotsa handiegia emango diolako zu saritzea. Ez nuen nahi horrelako ezerk niri eragitea”.
Zorionak eman beharko zaizkio: ez dio batere eragin.
Halere, eskertzekoa da; horrelako festibalek bultzatzen duten lehiaren antzua ipurdi bistan geratzen da interes trafikoa hain nabarmena denean. Eta gainean dugun Donostiako Zinemaldiak urtero izaten duen saridun espainola susmagarrien zerrendan sartzen lagun dezake. Sugus bat jokatuko bainioke edonori, baietz aurten ere urdaiazpiko zaporeko saridunen bat izan Easo Ederrean. Apusturik egin nahi du inork?

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

alex de la iglesiamostraquentin tarantinosofia coppolavenezia
1 Iruzkin
    txarnegoo (e)k dio: Erantzun
    2010-09-15, 16:02

    Bueno, hori dute sariek, ezta? Euskal literatura sarietan ere, ez da antzeko zerbait gertatu urteetan ad nauseam? Bata bestearen laguna edo amorantea, hura honen adiskidea… Literatura Nobel sariak ere, hala lortzen dira, urteetako kanpaina gogorra eginda, botoak banan bana “erosiz”… bai, Ameriketako presidentetarako bezalaxe. Horregatik al da okerragoa literatura lan bat? Dudarik gabe, ez. Baina horrexegatik ez da, hain zuzen ere, hobea. Beraz… utikan sariak kurrikulumetatik eta prentsa titularretatik!

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Literaturzaleen distopia2010-09-10
Foster Wallace: herentzia eta zalantzak2010-09-15
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA