Karliberalen errepublikara bidaia gerraren gorrian

Gorka Bereziartua
0

'Eta tira eta tunba' diskoaren azala

Lehenengo notatik antzematen da desberdintasuna. Hori ez da trikitia, hori haizezko instrumenturen bat da, inondik ere. Hara hor Eta tira eta tunba diskoaren osoaren ezaugarri nabarmenenetako bat: metalek daramatzate kantetako asko; soinu txikia ahotsaren laguntzaile doia da, ez du beste diskoetako protagonismorik. Zergatia, diskoaren aurkeztean eman zuen Joseba Tapiak berak: garai hartan, II. Gerra Karlistan, trikitia asmatua izango bazen ere, ziurrenik gure artean gutxik zutela infernuko hauspoaren berri. Bestelakoak izan ziren erromeria odoltsu hartako musikak. Sua saxotu behar; bonbak, bonbardinotu.

Emaitzak, egia da, badu garai bateko banden eitea, baina pieza batzuk lasai asko izan zitekeen Goran Bregovic batek sinatzeko modukoak ere. Gaur egungo diskoa da Eta tira eta tunba, edo, zailago esateko, atzokoaz gaur egindako disko atenporala. Erritmo sinkopatuz ezagutuko ditugu batzuek besteen kontra kantatuak eta besteek batzuei emandako erantzunak.
Espiritu alprojako lana, aurkezpenaren ondotik argi ikusi zenez. Tapiak hiruzpalau kanta jo zituen gerturatu zirenentzat, tartean diskoari izena ematen diona. Entzuleei, mesedez, hitzak errepikatzeko eskatu, eta “biba gure fedia Espainiakua” dioen partera iristean, irriño bana aurpegian abestu zuten gonbidatuek. Mezua gauza bat baita, interpretatzeko moduak, ordea, goitik behera mutarazten du. (Kontraerreformazale nonazionalistentzat oharra: hitzekin bat egin arren, igual ez duzue maiteko Tapiaren jarduna. Ez esan gero, inork abisatu ez dizuenik).
Errepublika karliberala
Bi bando eta bi banda: karlistena (Iban Urizar, Ibon Irijoa, Asier Ituarte eta Ramontxo Vega) eta liberalena (Filipe Aldako, Alain Martineau, Mintxo Garaikoetxea eta Inazio Tolosa). Biak izan ditu lagun kantautoreak diskoan. Aurkezpenaren kariaz su-eten txikia egin arren, aurrerantzean ere banda bakoitza bere bidetik ibiliko dira. Kontzertu batzuetan karlistekin ariko da Tapia, beste batzuetan liberalekin. Jokin Irungarairen jazpana izango da bitartekari bakarra.
Ekidistantzia ote? Ez, oxymorona. Patxi Larrionen hitzetan “karliberalen pentsaera” islatzen dute lan honetako kantek. “Pentsaera karliberalik ez bada, agian asmatu egin beharko genuke” esan zuen aurkezpenean, eta diskoak “karliberal horien sinesmenak eta egindako hautuak ulertzen” lagunduko duela.
Euskal kantagintzan ia inork urratu gabeko bidea da behintzat. Tapiak, bromoso: “Harrituta nago nola ez didan inork aurrea hartu. Besteek egin, besteek gorde eta besteek bildutako altxor bat hartu eta entzungarri jarri dut. Biba ni!”. Gerra garaietako kantak ez baitira gehiegi berreskuratu gurean —36koaz Tapiak berak  Agur Intxorta maite diskoan egindako lana, berriz ere salbuespen—, are gutxiago Karlistadetakoak. Disko hau izango ahal da antzeko proiektu berrien akuilu.

Entzun Karlistaren panparroikeriak abestia:

[ARGIAren 2.245. zenbakian argitaratzekoa]
Eguneraketa (2010-IX-16, 13:35):
Diskoko kanta batek Hernani dago penoso du izenburua. Bertso horiei buruzko artikulu interesgarria idatzi zuen Urko Apaolaza lankideak Hernaniko Kronikan. Karkabatik blogean dago irakurgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA