Lagun batek jarri dit bideoa Facebooken (eskerrik asko, Ander): Ramoncin, aztunparen pare, Nirvanaren Come as you are kantatzen. Munduan gehien gorrotatzen ditudan musikarien zerrendan oso goian dago oilasko frijituaren errege izandakoa, baina ez naiz hasiko irainka (badaezpada) eta fenomenoari helduko diot.
Azkenaldian harrituta bainauka: ezagunago egiten ari dira Interneten musikarien emanaldi erdipurdiko, txar eta negargarriak, ondo ateratzen direnak baino. Ramoncinek berak irriz adierazi dio Publicori akatsak egitea modu ona izan daitekeela, sarean norbere burua promozionatzeko.
Okerrena da arrazoi duela: CNNn atera da Come as you are ezinezko hori, eta aski da Youtuben bilaketa azkarra konturatzeko izar handien saio negargarrienek zenbat bisita dituzten. Bi etsenplu:
1) Eric Claptonen solo bat, ziurrenik entzuleren bat jo eta garbitu zuena. Milioitik gora bisita.
2) Kings of Leon, Sex on fire, sokak ukalondoarekin jotzen ariko balira bezala. 300.000 bisita.
Zein mekanismo psikologikok eramaten gaitu horrelakoak bilatzera? Musikari horiek gorrotatzeak? Inperfekzioarekin dugun zaletasunak? Ez erantzun orain; itxaron hurrengo doinu desafinatuari.
1 Iruzkin
Ez nago erabat ados (orokorrean bai) esandakoarekin. Horrela balitz, eta hurbileko adibide bat jarriz, Banda Batxokiren fama mundiala litzateke, eta ez da horrela.