Bizi naizen inguruan “papurras” esapide euskañola erabiltzen dute batzuek —ez dut izen-abizenik emango— platerean soberan geratu denetik elikatzen denari esateko. Besteek hoberena hartu eta hondarrekin asetzeko gaitasuna edo egonarria daukatenak dira “papurras” delakoak.
Ezin esan Mark Lanegan klub horretakoa denik. 1985ean The Screaming Trees taldea sortu zuen. Bateria-jole eskasa izaki, mikrofonoa hartzeko eskatu zioten taldekoek eta 1990eko hamarkadaren hasieran, Seattleko (AEB) grunge eztandaren epizentroan zeuden “zuhaitz oihukariak”.
Ondorengoa, gauza jakina da: Nirvanaren itzala luzeegia bihurtu zen gainontzeko ia talde guztientzat. Rock alternatiboaren harrobitik urrea atera nahi zuen edonor ospeletan lan egitera behartu zuen.
Baina esan dugu: Lanegan ez da “papurras” bat. Grungearen txikleak zaporea galdu arren, belaunaldiko talde askok luzatu eta luzatu egin dute izan zirenaren bindikazioa, soberakinei hagina sartzeko nazka ez direla erakutsiz.
Horren aldean bakarkako ibilbide sendoa egin du Laneganek eta kolaborazio interesgarriak utzi: Queens of The Stone Age taldearekin jo du, The Gutter Twins bikotea osatu… Azken emaitza, Belle and Sebastian taldeko Isobel Campbellekin ondutako Hawk diskoa. Hirugarren lana dute elkarrekin, folk amerikarra eta bluesa uztartuz. Ez dute mundua asmatu LP honekin, baina emaitza zinez da ramegantea eta, 90etako eran esateko, asteak daramatza nire walkmanetik atera gabe.
(You won’t let me down again kantaren bideoklipa da behekoa).
[ARGIAren 2.250. zenbakian argitaratzekoa]
2 Iruzkin
Ramegantea “Hawk”, bai! Are rameganteagoa bikoteak argitaratu zuen lehen lana: “Ballad of broken seas”.
Bigarrenarekin arazoak izan omen zituen, baina, bikoteak, edo, hobe esanda, Isobell-ek Mark-ekin. Lan guztia eskoziarrak egin, estatu batuarrak pare bat ahots sartu eta bien izenean kaleratu omen zutelako, antza. Hala zioten, behintzat, Rock De Lux-eko eruditoek. (ez dut loturarik topatzen informazioa kontrastatzeko)
Hau hala bada, “papurras” ez, baina “aprobetxategi” bai.
Normala Rock De Lux-eko loturarik ez aurkitzea, ez dute ia edukirik jartzen sarean, amazoniako milaka zuhaitz hiltzera kondenatuz (estrategikoki erabaki okerra aldizkariarentzat nire ustez, baina tira, hori beste kontu bat da).
Eta bai, entzuna nuen lehenengoa zela atera dituzten hiru diskoetan onena, baita bigarrenean behera egin zutela nabarmen ere. Euskadi Irratian jarri zuten “Hawk” honetako “Cool water” kanta, eta kazetariak (ezin haren izena gogoratu) nabarmendu zuen hirugarren honetan itzuli direla bide onera. Klaro, orain askoz hobeto ulertzen dut zergatik bigarrenekoa…
A, eta eskerrak eman beharrean naiz bide batez, Jon, zuk jarrita entzun bainuen aurrenekoz Lanegan. Biba zu!