Boligrafo Gorria
Euskadi Irratiko Arratsean saioan irakurriak Musika
by Gorka Bereziartua
  • Euskadi Irratiko Arratsean saioan irakurriak
  • Musika

Dylan monoarekin

Gorka Bereziartua
2010-11-02
1

'The original mono recordings' diskoaren azala

Kontuak argitu behar ezer baino lehen: Dylan monoarekin dagoela esaten badugu, ez da bere gameluari materiala eskatzen ari zaiolako, Mr. Tambourine Man kantan egin zuen bezala. Adinak ez du barkatzen eta Robert Zimmerman jaunak gaur egun eduki dezakeen mono guztia The original mono recordings disko kutxan sartzen da.
Duela gutxi argitaratu da eta zortzi lan biltzen ditu; bakarlari estatubatuarraren aurreneko zortzi LPak. Zer duen berri? Estereofonikoaren ordez, soinu monoaurala dutela grabazio guztiek. Ez kanta berririk, ez moldaketarik, ez bonus-track-ik… Alde bakarra horixe da: soinua kanal bakarrak definitzen duela, bi kanalek edo gehiagok definitu ordez.

Batek baino gehiagok galdetuko du zer broma klase den horrelako kutxa bat. Nik ere horixe galdetu nion nire buruari hasieran. Baina Internetek esaten dit logika apur bat izan dezakeela. Hara zergatik: 1966-1967 ingurura arte, pop musikariek estudioetan mono nahasketak lantzen zituzten batez ere, entzule gehienek ez zeuzkatelako soinu ekipo estereoak. Nahasketa estereofonikoak prozesu guztiaren bukaeran egiten ziren eta dirudienez, ez zitzaien hainbesteko arretarik eskaintzen, disko horiek erosten zituztenak ez zirelako gehiegi.
Mono soinura itzultzearen aldeko txapa

Gero etorriko dira ekipo estereo merkeak eta FM irratia. Eta azkenean estereoak monoari partida irabaziko dio, borroka egin ondoren, hori bai: Phil Spector ekoizlea, adibidez, Back to mono (Monora itzuli) aldarrikatzen duten txapak banatzen hasiko da, baina punky batzuk salbu, inork ez dio kasu handirik egingo.
Ondorioa? Gaur egungo entzuleoi Bob Dylanen diskoak nahasketa pobreagoarekin iritsi zaizkigula, nire belaunaldiak estereoan ezagutu duelako Minnesotako bardoa.
Hala ere: ez zait iruditzen soinuaren ñabardura horiek nahikoa motibo direnik, aski ezagunak diren zortzi disko berriz erosteko. Disko berberen edizio merkeagoak edonon topa daitezke, eta zaletuak oso zaletu behar du izan.
Edo, bestela esateko, mono handia eduki.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

bob dylanmonophil spectorstereothe original mono recordings
1 Iruzkin
    Edo Nor (e)k dio: Erantzun
    2010-11-04, 2:31

    mmm…
    ooona!

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Perpetuum mobile?2010-10-29
7EN34K17 1N6UR4TUT42010-11-08
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA