Jar ote liteke azeria oilategia zaintzen? Seguru ote dago bankua, Dalton anaiak badira jagole? Nori pasatzen zaio burutik, bizi ditugun garai hauetan, apaiz katoliko bat jartzea haurtzaindegiko buru?
Tankera horretako galderak etorri zitzaizkidan burura joan den asteburuan albistea egunkarietan atera zenean: Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordean izango da hemendik aurrera. ETAkoa izan zen, Pott Bandakoa ere bai; eta PCEn, Euskadiko Ezkerran eta PSEn ibili zen, bere burua nazionalista espainol gisa definitu aitzin. Familiatik jaso zuen euskal nazionalismoa gorrotatzen bukatu du, katuak ura gorrotatzen duen gisan.
Baina Juaristik Zarako maniki batek baino txaketa-aldatze ideologiko gehiago egin izana ez da bereziki garrantzitsua; abertzaletasunari dion herra ere, erabat bateragarria izan liteke Euskararen Aholku Batzordeko postuarekin. Inondik inora onartzerik ez dagoena, zera da: euskararen aurka egonda, euskararen aldekoa omen den batzorde publiko batean parte hartzera gonbidatzea.
“Jamás sobre esta tierra de cristianos, / volveré a hablar vuestro ingrato euskera” esan zuen bilbotarrak poema batean. “Xarmarik baldin badu Pachi Lopez lehendakari sozialistak, Aitorren hizkuntza bedeinkatuan duen ezjakintasuna da, eta orain ikastera mehatxatua sentituko da” idatzi zuen ABCko zutabe batean. Eta honako baieztapena ere, berea da: “Euskarak kultur tresna gisa ez du balio izan”. Antzeko perlak bildu dituzte Zuzeu.com webgunean.
Juaristi izendatzea probokazio hutsa zela pentsatu nuen hasieran. Gero ordea, bestelako irakurria eman nion notiziari: PSEk bere militanteen artean ez daukanez euskararekin zerikusia duen ezertan aritutako ia inor, edo ildo horretan jardundakoek (Ramon Etxezarreta datorkit gogora) poxpolo bat bezala, kiskalita bukatu dutenez urtebeteren buruan, Juaristi bezalako momiei bendak kentzea beste erremediorik ez dutela izan, barruan haragi ustela aurkituko zutela jakitun izan arren.
Legegintzaldi osoa betez gero Patxi Lopezen gobernuari beste bi urte eta erdi inguru geratzen zaizkio agintean. Ez da lan makala izango ondoren etorriko direnentzat, euskararen politikak esperpentoaren bidetik ateratzea.
1 Iruzkin
oteizak behin hala esan omen zuen juaristiri buruz: “que poco hombre detras de tanta barba”. ez dakit hartan zein ideologiatakoa izango zen, baina horixe…