Boligrafo Gorria
Euskalerria Irratirako Burutazioak
by Gorka Bereziartua
  • Euskalerria Irratirako Burutazioak

Tabakaos: benetako parte-hartzearen bila

Gorka Bereziartua
2011-02-09
1

Herriak Tabakaos behar du

Atsegin dut politikariak herritarren parte-hartzeaz hizketan entzutea. Iraultza baten sua piztu nahi duenari lehenbiziko txinparta oparitzen diote, gutxieneko baldintzak sortuz, alegia, herritarren kontzientzia. Sinestarazten diete eurek ere badutela zeresana eta zeregina afera publikoen egunerokoan.

Jarrera zinikoa da, noski: polboroiarekin ahoa bete eta hitz magikoak esan. “Parte hartu”. Lerdearekin nahastutako orea mila norabidetan disparatuta ateratzen da baina irentsi, ez dute inoiz irentsiko.
Herritarren partaidetzaz inon hitz egiten bada, kultura da esparru hori. Batez ere proiektu berriren bat martxan jarri nahi denean: innobazioarekin eta teknologia berriekin batera, edozein egitasmo moderno-ustekoren ezinbesteko ezaugarria da parte-hartzea. Paperetan behintzat. Besterik da eguneroko praktika. Burura datorkit Donostia alde honetan, Egiako Tabakaleran zabaldu nahi duten Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunea. Mila bider errepikatu zuten: herritarrek beren gisara eraikitzeko espazioa izango zela, proiektuak bestelako harremana bultzatu nahi zuela populuarekin. Hasierako ideia zikiratu egin zuten agintariek, eta ordura arteko zuzendari Joxean Muñozen dimisioa ekarri zuen; orain berriz, AHTren geltokiarekin bateratzeko asmoa atera da plazara. Etengabe ari da atzeratzen proiektuaren abiatzea; itsuak ikusteko moduan geratzen ari da agindu, kargudunek aginduko dutela berriz ere, eta benetako erabakiak, gortinen kolorea aukeratzeaz apartekoak, beraien esku egongo direla bakarrik.
Parte-hartzea? Instituzioen bidez, lau urtean behin.
Hala ere, esan dut hasieran: uste dut politikariak lan zikina egiten ari zaizkiola balizko iraultzaileari. Eta atsegin dut. Agintzen duen ideologiak ez baitu serio hartua izan nahi, ezta literalki ere; eta diskurtsoetan A defendatzen badute, praxia Z izango da; eta parte-hartzearen diskurtsoa inoiz praktikan ez jartzeko asmoz zabaldu da. Baina “klik!” txiki bat nahikoa izan daiteke dena hankaz gora jartzeko.
Hipotesi zoro samar bat: zer gertatuko litzateke herritarrek erabakiko balute Udalak kultura garaikideko gunea egin nahi duen eraikin berean, horixe, kultura garaikideko gunea egitea; baina oraintxe bertan, instituzioen bitartekaritzarik gabe, eraikina okupatuz, beren kasa antolatuta eta parte-hartzeko ateak parez pare zabalduta? Udal-, foru- eta autonomia-ordezkariak ikusten ditut ñabardura ezinezkoak bilatzen: parte-hartzea esaten zutenean ez zirela horretaz ari, herritarren ordezkariak beraiek direla eta ez herritarrak eurak…
Kaos handi samarra. Ez lukete jakingo nondik heldu. Anabasa pixka bat, desordena, anormalitatea behar ditugu. Tabakaos behar dugu.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

joxean muñozkultura garaikideko nazioarteko guneaparte-hartzeapolitikatabakaleratabakaos
1 Iruzkin
    Goizeko blog errepasoa | Teketen (e)k dio: Erantzun
    2011-02-09, 10:23

    […] Tabakaos eztabaidak piztu du nire interesa goizean, boligorriaren blogean. Aurretik iturrik egindako aipamen batetik eratorritako idatzi eta zutabea. Eta orduan imaginatu dut boligorria tarima baten gainean (edo hobe tabakalerako hesiaren gainetik) Egiako herritarrei okupaziorako deia eginez. Iturri bitartean, kargatzeko prest dauden autoridade eta poliziarekin harreman lana egiten duen bitartean. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Literatura eta boxeoa ez daude elkarrengandik hain urrun2011-02-07
LCD Soundsystem-ek agur esango du, zuri-beltzean2011-02-11
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA