Pelikula gomendio bat Juan Marsé bezalako tele-eszeptikoei

Gorka Bereziartua
3

Telebista, burmuin zurrupari hori

Aconcaguan edo Madrilgo etxe batean grabatzen diren reality showak, hildakoekin harremanetan jartzen omen diren mediumak, nik dakita zergatik famatu bihurtu direnei buruzko notiziak, 90 minutuko partiduaz hizketan sei ordu pasa ditzaketen kirol-programak, Santutxuko eskailera mekanikoez eztabaidatzen jarduten duten bazkalosteko tertulia eternalak, umeei krisi epileptikoak eragiteko moduko marrazki bizidunak, eztabaida-saio ultraeskuindarrak, kultur programa moderno usteko baina funtsean ofizialista eta politikoki zuzenak eta auto-istripu, tiroketa eta irudi ikusgarrien kolekzio bihurtu diren albistegiak kate publiko, pribatu, lokal, euskalautonomiko eta espainiarrestatukoetan.
Besteak beste.

Horiei buruz ariko zen Juan Marsé idazle bartzelonarra duela gutxi El Mundo egunkariaren kultur aldizkarian egin zioten elkarrizketan (bai, nik ere batzuetan prentsa borikoa irakurtzea maite dut). Solasaldi hartako hitz batzuk ekarri nahi nituzke hona:

Zoritxarrez, eta aldian aldiko kultura ministroak izan ditzakeen asmo onak gorabehera, gure herrialdeko [Espainiaz ari da, itzultzailearen oharra] benetako kultura ministerioa telebistako programazio negargarria da, bai publikoa, bai pribatua. Programazio horren eragina hain da indartsua eta erabakiorra, ezen konbentzitua bainago hemendik urte batzuetara desagertzeko joera izango dutela Kultura Ministerioa bezalako erakundeek. Kateen zuzendariak eta programazio-buruak izango dira benetan gauzaz arduratuko diren ministroak.

Adierazpenak leituta, Umberto Ecoren Apokaliptikoak eta integratuak saiakeraz akordatu nintzen, oso liburu praktikoa masa-kulturari buruzko kritikak distantzia pixka batekin ikusteko (nahiz eta oso erreferentzia gastatua ere baden, dena esan behar bada). Lan horren argitara, Marsé apokaliptikoen taldean sartuko nuke, hau da, merezi duen kultura bakarra mass media delakoetatik kanpo aurkitzen duen horien taldean. Eta ez naiz ni izango gaur egungo telebista eredua defendatzen hasiko dena, are gutxiago Hegoaldean ikus dezakeguna, baina mota horretako adierazpenek ere ez naute asetzen, Anaia Handiaren kontra ezer egiterik ez dagoela pentsatzera eraman gaitzaketelako eta nik uste dut, imajinazio apur batekin, fantasiarekin nahi bada, zer edo zer egin daitekeela.

Juan Marsé idazlea

Marsé bezalako tele-eszeptikoei pelikula bat gomendatuko nieke: Hans Weingartner zuzendari austriarrak 2007an estreinatu zuen Free Rainer (titulu hori errespetatu zioten frantsesezko bertsioan; espainolezkoan baten bati otu zitzaion Un juego de inteligencia jartzea erakargarriagoa zela; beste batean hitz egin beharko genuke tituluak ez si eta ez no aldatzeko joera horretaz; baina ohar hau parentesi artean doa eta gehiegi luzatzen ari dela iruditzen zait, barka beraz, Kit-Kat momentu honengatik).
Free Rainer zer den: telebistako ekoizle baten istorioa. Arrakastaren aparretan dago, soldata ona, luxuzko etxea, sekulako automobila… Eta posizio hori eskuratu du ikus-entzuleen etxeetara arrunkeria eta ergelkeria sartuz dosi handitan. Bere bolidoa ausartegi gidatzen ari den batean, ordea, bi gauza gertatuko zazikio: Bat: istripu larria izango du. Eta bi: neska bat ezagutuko du, bere lanari buruzko ikuspuntua aldatuko diona. Hortik aurrera Rainer saiatuko da eduki sakonagoko programak egiten; eta noski, audientzia datu negargarriak izango ditu; eta, esan beharrik ez dago, lana galduko du. Lur jota, bizimodua erabat aldatzeko premian, Rainerrek audientziak neurtzeko tresnak ikertzeari ekingo dio.
Badakizue kontuak nola funtzionatzen duen: telebista aparailu batzuek bakarrik dauzkate neurgailuak eta lagin horretatik estrapolatzen da herrialde osoak telebistan zer ikusten duen, oso fidagarria ez den sistema, bistan denez.
Ba, tresna horiek manipulatzea lortuko du Rainerrek lagun batzuekin batera, eta bat-batean dokumentalen, kalitatezko pelikulen, eztabaida politiko sakonen eta tankerako programen audientziak izugarri igoko dira. Herritarrak ere bestelako zaletasunak lantzen hasiko dira: gehiago irakurtzen, inguruan dituzten aferekin kezka handiagoa hartzen… Iraultza kultural erabatekoa.
Bai, badakit, gaitza da oso Free Rainer-eko gidoia benetako bizitzan errepikatzea. Gill Scott-Heron-ek esan zuen moduan, iraultza ez dute telebistan emango. Baina gutxienez, pelikulak balio du konturatzeko errua ez dela telebistarena huts-hutsean; bestelako telebista izan daitekeela bestelako gizartea sortzen laguntzeko tresna ere (begira Egiptoko erreboltan, besteak beste, Al Jazeerak eduki duen garrantzia); eta problema, funtsean, K letrarekin hasten den hitz hori dela, hain gutxitan aipatzen duguna, beldurra diogulako edo: kapitalismoa.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA