Bost tesi Shakiraren kontra

Gorka Bereziartua
40

"Waka, waka? Ez! Ez!"

Bilbon izango dugu berriz Shakira, San Mamesen, ekainean; horra egunero Euskadi Irratiarekin esnatzen garenok asteazkenean (hilak 2) entzun genuen notizia. Iaz Bilboko, barka, Barakaldoko, BECen izan zuen arrakasta errepikatu nahiko du kolonbiarrak eta, ez ukan dudarik, irrati honetako informatiboak zeregin horretan laguntzeko prest daude, kontzertua baino hiru hilabete lehenago non eta noiz izango den iragarriz, badaezpada, euskaldunok jakinaren gainean egon gaitezen gure artera etorriko dela tamaina horretako artista (barka azkeneko hitz horiek eduki nahi zuten sarkasmoa ez baldin bada behar adinakoa; baliabide hori gutxitan erabiltzen saiatzen naiz, praktika falta izango da).

Buelta handirik eman gabe esango dut: gorroto dut Shakira. Baina ez da jarrera irrazionala, gaiaz dezente pentsatu dut denbora libre pixka bat izan dudan bakoitzean eta bost tesitan kondentsatu ditut kolonbiarraren kontrako nire iritziak.
Lehenengo tesia: Shakira ez da musikaria. Musika du lanbide, bai, baina haren presentzia mediatikoak alde guztietatik gainezkatzen du esparru hori. Figura publikoa da, celebrity bat, eta hori ulertzea ezinbestekoa da konturatzen hasteko informatiboetan nabarmentzen badute, ez dela bere obragatik. Nork hitz egiten du inoiz Shakiraren kanten konposizioaz? Disko berria aurrekoa baino hobea ote da? Zertan da berritzaile (edo zertan ez) haren musika? Ez dizkiogu gure buruari galdera horiek egiten; eta ez dizkiogu egiten, ematen duelako kulturari buruz informatzean aski dela honako kode binarioa erabiltzea: zero, “gustatzen zait”; ala bat, “ez zait gustatzen”. Hortik aurrerako arrazonamendu posible bakarra maila kuantitatibokoa da. “Shakirak jende asko mugitzen du, ergo, haren kontzertuak albiste izan behar du”.
Bigarren tesia: Shakira gustatzea normala da. Ez gustatzea, anormala. Behin baino gehiagotan gertatu izan zait taberna batean haren kantaren bat entzutea, eta nire asperdura esplikatzen saiatzea. Ingurukoek urduri erreakzionatzen dute. “Shakira festa da, ez hasi dibertsioaren erdian arrazoi astunak sartzen” litzateke mezua, gutxi gorabehera. Nire ustez, ordea, Elisabeth Noelle-Neuman-ek formulatu zuen Isiltasunaren Espiralaren teoriak esplikatzen du jarrera horren atzean dagoena: jendeak beldurra dio bere iritzia azaltzeari, iritzi horrek gizartean nagusi den pertzepzioari kontra egiten badio. Eta nola hedabideek, Euskadi Irratiak barne, Shakira gustatu behar zaigula dioten, Shakira gustatu egiten zaigu, beste norbait gustatu behar zaigula esaten diguten arte. Ez dago espaziorik bestelako proposamenentzat mezu mediatiko estandarizatuan. Kazetariak ez du alternatibarik bilatzeko lanik hartzen eta utzikeria horrek gustuak homogeneo izaten laguntzen du, uste duguna baino gehiago.
Hirugarren tesia: Shakiraren irudia arrazakeria kolonialista zuriaren patroiak jarraituz garatu da. Bai, gogorra da horrela esatea eta beharbada gehiegikerian erortzen ari naiz, baina haren bideoklipak aztertzen baditugu, kontu bat bereziki susmagarria egiten da: Shakiraren ilearen kolorea. Artean merkatu anglosaxoian sartu ez zenean, espainolez bakarrik kantatzen zuenean, ikatza baino adats beltzagoak zituen, trentzatuta edo kizkur, eta horrek itxura erdi-indigena ematen zion (betiere sistemaren garbigailutik pasata, noski). Gero Oral fixation Laundry service diskoa etortzen da, gaztelaniaz Fijación oral Servicio de lavandería; Shakirak ingelesez ere grabatzen ditu diskoak hortik aurrera eta ilea horiz tindatuta azaltzen da aurreneko bideoklipean. Kolonbiarrak deskolonbiartu egin behar du Ipar Amerikarrek onar dezaten. Zuri Anglosaxoi Protestanteen itxurako bihurtu behar du.
Laugarren tesia: Shakiraren kantetako zenbait hitzek emakumeen zapalkuntza sustatzen dute. Zera dio, adibidez, Ciega sordomuda kantak: “Por tí me he convertido en una cosa que no hace otra cosa más que amarte” (“Zu maitatzea beste ezer egiten ez duen gauza bihurtu naiz”). Bereziki gogorra da “gauza” hitza entzutea, bere buruari subjektibotasuna ukatzen baitio abeslariak, objektu bihurtzen da, gizon baten maitasunaren truke. Suerte kantan berriz, argiago dio oraindik: “Sabes que estoy a tus pies” (“Badakizu zure zerbitzura nagoela”). Ziur nago sakonago aztertzen hasita sumisioa adierazten duten esaldi gehiago ere aurkituko dituela edonork. Baina zein ondo pasatzen dugun musika dantzagarri horrekin!
Shakira Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteari eskua ematen

Bosgarren tesia: Shakiraren lagunak ultra-eskuindarrak dira, edo herria izorratuz aberastu dira. Urte luzetan Antonio de la Ruarekin ibili izan da gure abeslaria. Abizena ezaguna egiten? Ez? Beharbada Fernando de la Rua esanda? 1999tik 2001era Argentinako presidente izan zen eta gauza jakina da urte haietan gertatutakoa: milaka argentinarrek euren bizi osoko aurrezkiak galdu zituzten presidente horren politika neoliberalek bultzatuta. Garaitsu hartan sortu zen Shakiraren eta presidentearen seme Antonio de la Ruaren arteko maitasuna, ez esan musikari kolonbiarrak kontzientzia sozial sakonik ez duenik. Baina horiek argentinarkeriak dira, zer inporta zaigu ozeanoaren bestaldean pasatzen dena euskaldunoi? Ados. Orduan goazen 2003ko otsailaren 20ra. Guardia Zibila Martin Ugalde parkean sartu da, Egunkaria itxi du, hainbat lagun atxilotu ditu eta hurrengo egunetan basatiki torturatuko ditu. Jose María Michavila izeneko gizon batek artean bere tonto aurpegia Espainiako Justizia Ministeriotik paseatzen zuen, ministroa baitzen, eta operazioaz hitz egiteko mikrofono aurrean jarri zenean, honakoa zezeldu zuen: “Egunkaria ekintza terroristetarako instrumentua da (…) Atxiloketak fundamentuz egin dira”. Ba, hori esan zuen tipo bera Shakiraren ordezkari legala da egun.
Hori guztia esanda ere, badakit jende asko joango dela San Mameseko kontzertura, nire lagunak eta ezagunak ez gutxi. Mota honetako arrazoiek ez dute askorako balio. Baina, Shakiraren aldean askoz ere maiteago dudan talde irundar batek zioen moduan, dena galduta dagoenean ere, beti geratzen da zirikatzea.

40 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA