Bombita Rodríguez, Sparteen argentinarra

Gorka Bereziartua
2

Bombita Rodríguez

Lagunak Facebooken jarri duen bideoaren kalitatearengatik, 1960ko edo 1970eko hamarkadakoa dela esango luke edozeinek; musikaren estiloak eta kantatzen ari den tipoaren itxurak ere –ile kalparra, bibote sarria– garai haietara daramate irudimena ia oharkabean. Baina zerbaitek txispa saltarazten du buruan, ez baita ohikoa duela 50 urte inguruko ye-ye estiloko kantetan “con el puño en alto vamos a vencer, con el pie piso la cabeza de un burgués” entzutea. Ezta abesti baten titulua Una oligarca de mierda más izatea ere. Gogoratu: ustez 1960ko hamarkadan gaude eta punka ez da existitzen. Artistak Bombita Rodríguez du izena eta, noski, ez da ye-ye garaikoa, oraintsukoa baizik. Wikipediak esanda jakin dugu Argentinako Canal 7 telebistan agertu zela aurrenekoz 2008an, Diego Capussotok eta Pedro Saboridok sortuta.

Baina musikari apokrifo on bat ez da ezer biografia faltsurik gabe –galdetu bestela The Sparteens talde euskaldunari– eta Rodríguezek ere badu berea: pop kantaria izateaz gain montoneroa da, doktrina peronistaren eta marxistaren zabaltzaile sutsua; eta 70eko hamarkadan arrakasta itzela izan ondoren alde egin behar izan zuen Argentinatik; Kuban bizi da egun, deserriratua. Kontuak brometakoa dirudi, baina argi: pop musika xaloa eta ezker muturreko politika elementu antagonikoak baitira eta biak uztartzeak bonba, barka, “bombita” semiotikoa sortu du Argentinan, baita atzetik eztabaida dezente eta kritika ez gutxi ere. María Verónica Elizondok 452ºF literatura aldizkariko iazko artikulu batean azaldu zuen moduan, Bombita Rodríguezek 60-70etako kultura nagusia legitimatzen baitu, “baina bestetik, irauli egiten du, errepresentazioen kodetze maila nabarmentzean”. Ondorioa: arteak zirrikituak aurkitzen dituela interes zapaltzaileen sarea desegiteko. Eta gainera –gehitzen dugu guk–, umorea erabiliz.
[ARGIAren 2.281. zenbakian argitaratzekoa]

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA