Gram Parsonsenak, horiek bai lagunak

Gorka Bereziartua
0

Gram Parsons

Historia on bat kontatzen hasteko ezinbesteko aitzakia bilatzea izaten da kontakatilu eta kazetari askok mundu honetan daukaten kezka nagusia. Eta, berez hain gaizki ikusiak dauden bi talde horietan nire burua sailkatzeko inolako erreparorik ez dudanez, aitzakia baten bila pasa ditut egunak, baita aurkitu ere, non eta, apenas ezagutzen dudan musikari baten azkeneko diskoa zabaltzen duen kantan: Emmylou Harrisek The road izeneko abestia aukeratu du Hard Bargain, estudioko 26. laneko lehen kortean sartzeko. “Oraindik akordatzen naiz…” diote hitzek hasi eta berehala; gazte garaiko kontuak berritzen dizkio lagun bati, biek “sabelean sua eta ariman gosea” zeuzkaten urteak. Konfesatu ere egiten da Harris: “Uste dut maite zintudala” dio; baina atzera begira jarri den honetan, uste du –edo hala sinetsi nahi du behintzat– ordurako bazekiela tragedia zain zutela, “zoritxarreko eguzki baten pean aztarrika” baitzebiltzan, itxura guztien arabera.
Kantan izenik aipatzen ez badu ere, Gram Parsonsi eskaini dio Harrisek, hala aitortu du diskoa promozionatzeko eskaini dituen elkarrizketetan eta galdetu diotenean zertan den diferente abesti hau 1975ean Parsonsi berari eskaini zion Boulder to Birmingham-ekin alderatuta, Alabamako bakarlariak esplikatu du kanta hura idatzi zuenean oraindik shock egoeran zegoela, bi urte besterik ez baitziren pasa Gram Parsons morfina eta alkohol gaindosiz hil zenetik.

(Oso ilun doa orain artekoa eta egin dezagun galdera fribolo bat jarraitu aurretik: morfina eta alkohol gaindosiz hiltzen den norbait, behin bakarrik hiltzen da ala birritan? Nola da kontua? Morfinak hiltzen zaitu eta San Pedroren aurrean zaudenean hasten zara alkoholaren eragina nabaritzen, ala bi drogek elkarri eskua emanda garbitzen zaituzte? Eskertuko nuke apaizen batek Twitter bidez-edo erantzuna bidaliko balit. Barka nire ezjakintasuna).
Jarrai dezagun Gram Parsonsekin Emmylou Harris alde batera utzita, hasieran esan dugun moduan aitzakia besterik ez baitzen historia on bat kontatzeko. Eta historia ona Parsonsena da. Ez egin zuen musikarena –hori ere bai, noski, baina adituei utziko diegu gaia–, artean bizirik zegoenean egin zuen eskari batena baizik. Alkohol gradu asko izan zituen gau baten bere manager Phil Kaufmanekin hizketan ari zela, Parsonsek eskatu zion –edo hori dio Kaufmanek behintzat– hiltzen bazen bere gorpua Joshua Treen erre zezatela oso atsegin zuela parke natural hori (gerora U2ren disko bati esker mundu osoan famatu egin dena, bide batez).
Ez zuen eskaria inon idatzi, baina Kaufmanen buruan iltzatuta geratu zen eta beraz, morfinak eta alkoholak –morfinak edo alkoholak nahi bada; oraindik ez didate lehen azaldu dudan zalantza argitu– Parsons Geldi Enea izeneko etxera eraman zuenean, managerrak lagunaren azken borondatea bete behar zela erabaki zuen, nahiz eta familiak ordurako gorpua kutxa batean sartua eduki Louisianan ehortz zezaten. Gram Parsonsen borondatea horren gainetik zegoela iruditu zitzaion Kaufmani, inork –ezta bere familiak ere– ez zeukala eskubiderik hain lagun zuen artistari berak nahi bezalako hileta ukatzeko.
Zer egingo Kaufmanek eta, adiskide batekin Los Angelesko aireportura joan, hil-kutxa lapurtu, nonbaitetik lortu zuen ehorztetxeko automobil luze horietako batean sartu eta Joshua Treerantz abiatu zen azeleragailua ahal bezainbeste zanpatuz. Bi fugitiboek gasolindegi bat aurkituko dute bidean eta bidoi bat erosiko dute, oktanaje altuko bost galoi gasolinakoa –neurri europarretan esateko, ia hemeretzi litro–. Ailegatuko dira parke nazionalera, zabalduko dute kutxa, isuriko diote Parsons gizarajoaren gorpuari erregaia azken tantaraino eta pospolo batekin emango diote sua. Emaitza: urrun samarretik ikus zitekeen su-bola bat, poliziaren arreta deitu zuena eta hildako musikariaren hezur-haragiak guztiz erretzea lortu ez zuena.
(Gorpu bat erre nahi duenarentzako aholkua: giza-haragia errauts bihurtzeko, denbora luzez erre behar da tenperatura oso altuetan. Gasolinarekin bustitzea eta pospolo bat botatzea, ez da teknika ona).
'Grand Theft Parsons' filmeko eszena bat. Johnny Knoxvillek (ezkerrean) jokatzen du Phil Kaufmanen rola

Txiste beltza ez zen hor bukatu gainera: Kaufman eta bere laguna atxilotu egin zituzten, baina hil-kutxa lapurtu izanagatik. Hau da, hil kutxa bera; barruan gorpu bat zegoela ahaztuta. Eta beraz, isuna pagatu ostean, libre geratu ziren.
Historia, ez esan ezetz, kontatzeko modukoa da. Merezi zuen fikzioa, istorio bihurtzea. Horixe egin zuen David Caffrey zuzendariak Parsons hil eta 30 urte beranduago Grand Theft Parsons pelikulan.
Honek guztiak gauza bat erakusten digu, neurri batean joan den astean hemen esan genuenari kontra egiten diona. Emmylou Harrisek egin berri dion kantak edo Phil Kaufmanek prestatu zion hileta sui generisak zera erakusten baitute: musika amerikarrak izan zuela Urrezko Aro bat, laguntasunari dagokionez behintzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA