Margatàniaren hooligana naiz

Gorka Bereziartua
7

'L'Equip petit' bideoko irudi bat

Lerrook idazten dituenak badauzka akats ugari eta horietako bat da realzalea izatea. Eta gauza jakina da, inor ez da Realekoa futbol ona ikustea eta beti irabaztea atsegin duelako: abertzaletasuna eta galtzaileekiko miresmena konbinatuta egiten zara txuri-urdin. Orokorrean futbol modernoa enpresa afera bihurtua dago ordea, eta partikularki Donostiako taldearen presidente berria arma fabrikatzailea da, arrazoi pisuzkoak biak ere, nire realsozialismoa baztertu eta fede berri baten bila hasteko.

Basamortua zeharkatzea bezalakoa izan behar zuen lanak, beharrik bideoa parean jarri zaidala. Agertzen diren protagonista txikien izenak: Pol, Eduard, Adrià, Martí, Emma, Nil, Gerard, Roger, Dídac, Cristian, Ivan, Xavier, Ruth eta Haritz. Haien futbol taldea: Margatània. Denboraldi osoan ez dute gol bakarra sartu. Eta kopuru hori behintzat gauza ziurra da. Jaso dituzten golak aldiz… inoiz ez daude seguru, hainbeste izaten dira partidu bakoitzean. Baina hain justu horixe, galtzearen plazera azpimarratzera dator bideo labur hau. Ondo pasatzea da garrantzitsuena eta Margatàniako jokalariek ederki pasatzen dute. Futbola horretarako ere bazen, ezta?
Roger Gómez eta Dani Resines kataluniarrek egindako hamar minutuko dokumentaltxoa da L’Equip petit (Ekipo txikia). Taldeko kideen gurasoei eta lagunei erakusteko prestatu zuten, baina sarearen bidez alde guztietara zabaltzen ari da. Nahiko modan dauden definizio altuko reflex kamera horietako batekin grabatua dagoela iruditu zait eta emaitza txukuna da oso. Barre xamurra atera diote realzale ozpindu honi behintzat. Ez da gutxi.
Ikusi nahi baduzue, hementxe:

[ARGIAren 2.283. zenbakian argitaratzekoa]

7 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA