B.B King eguneko —eta ia aurtengo— izar zuela hasi da 46. Jazzaldia. 2000. urtean etorri zen azkenik Trinitate Enparantzara eta orduko oroitzapen ona nuen. Hamaika urte ez zaizkio alferrik igaro Mississippi-ko gitarra-jotzaile handiari. Bere taldea oholtzan jotzen hasi eta ordu erdira-edo azaldu eta eszenatoki erdian eseri zen gitarrari ekiteko prest. Punteatze labur batzuen ostean taldea aurkeztu zuen kide bakoitzean denbora tarte handi samarra hartuz. Kontzertu osoa halakoxea izan zen, etengabeko geldiuneak egiten zituen eta zaila egiten zen entzulearentzat erritmo geldo eta zatikatu hari jarraitzea. Entzulearekin olgetan ibili zen, hau eta bestea eskatzen —I say hey, you say oh estiloan nolabait—. You Are My Sunshine jo zuenean, esaterako, jendeak kanta zezan eskatu zuen, eta halaxe egin publikoak esaneko; azkenerako, ordea, King eta taldeak ez zuten kasik kantua jo. Gero etorri ziren bere bi abesti famatuenetakoak: Rock Me Baby eta The Thrill Is Gone. Kontzertu amaiera aldera intentsitatea apur bat igo zuen, baina haatik, kontzertuak utzitako zaporea gazia izan zen gozoa bainoago.
Jarrain, Karpa eszenatokian, Eivind Aarset Sonic Codex Quartet norvegiarrak aritu ziren. Gunea berritu dute aurten, aurreko urteetako karpa eszenatoki handiago batengatik ordezkatu dute. Espazioa irabazi da, hala eszenatokian nola publikoarentzat, baina klub giro kutsu bero hori galdu —eta baita balizko txaparradekiko babesa—. Hala ere, aurrerapausoa iruditzen zait aldaketa. Bi bateria, baxua, gitarra eta teklatuekin soinu indartsu bezain trinkoa egin zuten norvegiarrek; tarteka esperimentaziorantz, tarteka jazzerantz joz, baina gehienetan (post)pop eta (post)rockaren eremuetan. Frigo gunean, ostera, Aloe Blacc-ek soula eskaini zuen. Ahots bikainarekin, publikoari gustura ikusi zitzaion. Atzoko emanaldian ez zuen deus asmatu, ez zen izan abangoardiaren bila zebiltzanentzako egokiena, baina egin zuena bikainki egin zuen, are gehiago Jazzaldiko lehenengo egunak izan ohi duen kutsuarentzat —ahalik eta jende gehien hurbil dadila doako kontzertuotara—.
Eguneko beldurretako bat euriarena izan zen, Jazzaldia hasi aurreko orduetan euripeko kontzertuak izango genituelako amenazua aski bizia zelako. Azkenean, ostera, ateri egon zen gauerdia arte, eta B.B. Kingenean ez zen tanta bat ere erori. Harrigarria izan zen kontzertuetan bildutako jendetza. B.B. Kingenean, adibidez, iazko Patti Smithen kontzertuarekin alderatuz, askoz ere jende gehiago zegoen, eta ondoren, terrazetan ere, antzeratsu.
Gaur hasten dira ordaindu beharreko kontzertuak. Trinitate Enparantzan Tea for 3 (Dave Douglas, Enrico Rava eta Avishai Cohen) eta Abdullah Ibrahim & Ekaya-k joko dute. Duela pare bat urteko azken hauen kontzertua, Victoria Eugenian jotakoa, urteko onenetakoa izan zen, eta beraz, aukera ona izango da Trinira gerturatzea. Pop zaleek aita eta amaren artean aukera beharko dute nolabait; izan ere, ordu berean joko dute Lloyd Cole-k San Telmon eta Dean Wareham-ek —Galaxie 500en kantuak jotzen— Agertoki Berdean. Nik lehenengoaren berri emango dizuet bihar.