Jazzaldia11 (III): Adiskidetzeak

Beñat Sarasola
0

Return to Forever
Return To Forever

Jazz-rockarekin kalimotxoarekin bezala gertatzen zait apur bat; jazza gustuko dut, baita rocka ere, baina ez naiz bien arteko nahasketaren oso zalea. Egia da, hori bai, salbuespenak bilatzen hasi eta jazz-rock edo fusio-jazzean sartu ohi diren zenbait disko (In Silent Way, Bitches Brew) edo artista (Jaco Pastorious, Stanley Clarke, Pat Metheny) aski gustura entzun izan ditudala, baina oro har, musika mota hori ez dago nire gogokoenen artean. Return to Forever-en 2008ko Jazzaldiko kontzertuak ere, esaterako, jende guztiak laudatu zuen arren, ez ninduen sobera asebete. Bigarren aukerak eman behar omen eta halaxe egin nuen atzo Chick Corea eta enparauekin; eta merezi izan zuen.

Return to Forever IV izenarekin ari dira bira egiten, laugarren formazioa delako. 2008an etorri zirenekin alderatuta, Al Di Meola-k jada ez du egitasmoan parte hartzen eta bere ordez-edo, gitarrista legez, Frank Gambale dago. Gainera, Jean Luc-Ponty biolinista gehitu zaie Chick Corea, Stanley Clarke eta Lenny White-i. Oholtzan agertu zirenean garbi zegoen publikoa oinpean izango zutela emanaldi guztian zehar. Fusio-jazzaren garai loriatsuak bizi ez genituenontzat onak dira halako kontzertuak ikusteko zelako onarpen eta arrakasta izan zuen musika hark 70. hamarkadan -eta orandik izan baduen, atzo agerian geratu zen moduan-. Ez da hain ohikoa rockean edo popean erraz asko aurkitzen den fan fenomenoa jazzean topatzea, baina atzoko publikoaren zati handi batean jarrera, batez ere bukaeran, jendea musikariei eskua ematera joan zenean trumilka, gisan horretakoa izan zen. Batzuetan akaso telebistarako sintonia tankera hartzen dute Return to Foreverren zenbait melodiek -hortik nire erreparoetako asko-, baina musikari hauek dena ematen dutenean sortzen dutena indar eta bizitasun berezikoa da. Hirugarren aldia-edo izango da Stanley Clarke baxu-jotzailea ikusten dudala, baina oraindik txunditzen jarraitzen nau. Tira, badu bereak ikuskizun eta hanpaduratik zerbait, baina egiten duena inhumanoa da, guztiz ezohikoa eta bakana. Solo bat hasten den bakoitzean badakizu momenturen batean kra! egingo dizula bihotzak. Saio luzea eman zuten, bi ordu eta erdikoa ia, eta traka indartsu batekin amaitu zuten, Romantic warrior, Spain (Concierto de Aranjuez-en introarekin), eta argiak piztuta zeudela eta jendea martxa egiten, azken bis bat: Clarkek 1976an konposatutako hita, School Days. Return to Foreverrekin adiskidetzeko lain baino gehiago.
Iluntzeko Agertoki Berdeko festa proposamenera Cut Copyren emanaldirako iritsi nintzen. Australiarren azkeneko diskoak, Zonoscope-k, nahiko arrakasta izan du zirkulu indietan (San Pitchfork-en 8.6a tarteko-edo) eta ongi antzematen zen publikoan, iazko egun bereko kontzertuetan baino dexente jende gehiago ikusten baitzen (berriz ere). 80. hamarkadako synth-poparen kutsu nabariko musika dantzagarria egiten dute, eta momentu eta eszenatoki hartarako eskaintza ezinhobea eman zuten. Aukeran motzegia, ordu eskasera baino ez baitziren ailegatu, bisik jo gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA