Jazzaldia11 (IV): Jazza entzuteak ez du idiota listo bihurtzen

Beñat Sarasola
0

Jan Garbarek atzo San Telmon

Halaxe da, neronek atzo ongi konprobatu ahal izan nuenez. Eguraldi iragarpenak txarrak ziren, goizean bota eta bota ari zuen, eta hala ere, burugogorkeriaz, Kursaaleko kuboen babesa alde batera utzi eta egurats gorrian dauden terrazetako kontzertuetara joatea deliberatu nuen. Izen handiak bazter utzi eta gure arteko jazz taldeen musika entzuten ahalegintzen naiz urtero egun batez behintzat, eta atzo hori egin nahi izan nuen. Halaxe joan nintzen Dynamic Trio entzutera Karpa eszenatokira aterkia lagun, nahiz eta ez bustitzeko inolako aukerarik ez egon, atzokoan euria goitik behera ez ezik behetik gora eta ezker-eskuin egiten baitzuen. Headhunters-en funk-jazza gogorarazten zuten doinuekin hasi ziren. Mikel Romero Theremin-aren soinua zalutasunez erabiliz eta Alfredo Peláez Hammond organoari gogotsu ekiten. Bigarren abestirako, ordea, gelditu egin behar izan zuten euriaren kariaz. Ez dakit emanaldia berrekin zuten, galtzontzilo, galtzerdi eta enparauak aldatzera joan behar izan nuen-eta; bitartean, Kuboen barnean Hiromi pianoko tekleri eragiten ari zitzaiola pentsatzeak nire idiota aurpegia areagotu besterik ez zuen egiten. Hiromiren kontzertuan egon zirenekin hitz egin nuen beranduago gainera eta asko liluratuta geratu ziren pianista japoniarrarekin. Ondo.

Hurrengo aukera Elkano Browning Creamena zen. Aurreko bi egunetan ere oholtza gainean aritu ziren Mikel Azpiroz eta bere hirukotea, baina beste emanaldi batzuen ordu berean zirenez ezin izan nituen ikusi. Azken aukera aprobetxatu nahi nuen baina kontzertua bertan-behera geratu zen. Arratsalde-arrats konpletoa, bistan denez, zirko bat montatzeko modukoa.
Azkeneko aukera Jan Garbarek & The Hilliard Ensemble ikustera joatea zen, baina lehenago denbora apur bat nuenez Nautikora joan nintzen ea hango kontzertuak ez ziren bertan-behera geratu. Hantxe zeuden haize erauntsi eta urari aurre eginez Musikeneko hiru ikaslek osatzen duten Jazz Triangle. Cool (Take Five), Be bop eta bossa-nova erritmoetan txukun ibili ziren, saxofoi tenorraren doinu beroak bultzaturik, San Telmora joan behar izan nuen arte. Garbareken emanaldia klaustroan zen, eta beraz, behingoz, euriaren arriskutik libratu ginen. Garbarek eta Hillard Ensemblerena proposamen ohikoegia ez izanagatik, bete egin zen lekua. Hillard Ensembleren kantu gregoriarren antzinatasun eta Garbareken abangoardismo kutsuaren arteko nahasketa izan zen entzun ahal izan genuena; hots, halakotan esaten den legez, tradizioa eta abangoardia elkar harturik. Sarritan horrelako proposamenak pastitxe soil bihur daitezke baina esango nuke kasu honetan ongi asmatu dutela bi lenguaia musikal hain ezberdin horiek elkar hartzen. Garbarekek, saxofoi sopranoa hartuta, Hilliard Ensembleren kantuen gainean inprobisatzen zuen, tarteka melodia errekonozigarriren bati keinu eginez. Eszenaratzea ere ederra izan zen. Hasieran lau kantariak publikoaren atzealdetik agertu ziren Garbarek oholtza gainean zegoela, eta amaieran, berriz, kantari zein saxofoi-jotzailea publikoaren inguruan ibili ziren. Esperientzia kasik mistikoa izatera irits zitekeen: lekua, musika nahiz kanpoko giroa aintzat hartuz, eguberritan geundela ematen zuen uztailaren 24ean baino. Bis eder bat jo eta publikoa kontent utzita amaitu zuten musikariek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA