Probokazioak hori dauka, askotan ez dakizu artelanaren izateko arrazoi bakarra ez ote den asaldura eragitea. Tira, Ciclos Iturgaizekin ez dago hainbesteko dudarik. Bilboko Aste Nagusian ikusi nituen aurrenekoz eta musikak baino gehiago esaten du zoologiko hartako animalien erreakzioak: zaletuak, kanten hitzak abesten eta barrez; jende errespetagarria, korrika txosnatik alde egin nahian; eta han-hemenka, espezie ugaritako animaliak irribarre urduriz.
Probokazioak hori ere bai baitauka: esan daitekeenaren eta esan ezin denaren mugan ibiltzea. Lerro gorri horretan oreka egiten dute etengabe Ciclosekoek, Euskaltel talde ziklistaren kontra kantatzen (esan daitekeena), baina aukera baliatuz Miguel Madariaga “pixka bat atzeratua” dela gehituz (esan ezin dena). Aperitifa besterik ez da, kontzertuak aurrera egin ahala ez da inor zutik geratuko: Muguruza anaiak, Edurne Pasaban, ETBko pailazoak; pederastiari buruzko txisteak, Disney Channelen ateratzen diren pre-nerabeei buruzko lizunkeriak…
Probokazioa hori da, dena azpikoz gora jartzea, beti motz geratzeko beldurrez. Kontzertu osoa kartoizko karetak jarri eta kendu pasa zuten bi taldekideek. Azkuna, Rajoy, Ratzinger… Eszenatokian Miguel Angel Blanco azaldu zen arte. Zaletuen algarak. Geratzen ziren azken pertsona errespetagarrien hanka-jokoa (“ez dezatela esan hemen ikusi gaituztenik!”). Eta urduri irribarre egiten zuten espezie anitzekoen irribarre are urduriagoak, euren buruei galdezka: “honetaz barre egin ote dezaket?”.
Ez daukagu erantzunik. Probokazioak hori dauka, ezin dela esplikatu zer mugitzen dizun digestio-aparatuan; entzun egin behar dela, zer edo zer ulertzeko. Beraz, taldeak egindako Kraftwerken bertsio (?) honekin has zaitezke. Nahi baduzu, e!
Eguneraketa (2011-IX-5, 18:19):
Miguel Madariaga aipatzen da post- honetan eta berehala pasa digute Twitter bidez (milesker @tipitto) Bilbovisioneko Manu a Manu saio zoritxarrez nahi baino ezagunagoan grabatutako bideo hau. Ai, ama.