Kukutza III gaztetxea mehatxupean dago azken hilabeteotan eta asteon alerta gorria piztu da, eraikina egun batetik bestera husteko arriskuaren aurrean. Esan beharrik ez dago, blog honetan desalojo horren kontra gaude, Bilbok daukan ekipamendu kultural interesgarrienetakoa delako Errekaldekoa, autogestioan oinarritua, auzoarentzat premiazkoa eta Euskal Herri osoan erreferentziala.
Baina horiek zakurxirulero deslaien betiko arrazoiak dira, eta nekez entzungo dituzte halakoak Bilboko agintari demokristauek. Beraz, beraien ideologiatik gertuago dauden hiru argudio prestatu ditugu, Kukutza bakean uztea erabakitzen dutenean, prentsaren aurrean urduritasunik gabe hitz egin dezaten.
Bat: Gastu publikoa murriztu!
Austeritate garaiak bizi ditugu, aurrekontu publikoak murriztu behar dira, ez da zarrastelkerian ibiltzeko ordua. Dagoeneko nahikoa diru xahutu du Bilboko Udalak kultur ekipamenduetan (70 milioi euro baino gehiago joan dira Alondegiaren berriztatzean, adibidez) eta Kukutza hustu eta botatzea ez da merke aterako. Hobe, beraz, dagoen bezala uztea: doan ateratzen da!
Bi: Ez dira garai onak terrenoak salerosteko!
2008an lehertu zen krisiak higiezinen merkatua hankaz gora jarri du. Etxeen eta terrenoen prezioek puenting egin dute eta inbertsoreak balio seguruagoen alde ari dira apustua egiten, urrea kasu. Egoera horretan, zer etekin ateratzen ahal zaio Errekaldeko fabrika zahar bati? Hutsaren hurrengoa. Etorriko dira garai hobeak sosak ateratzeko. Bitartean, hobe Kukutza bakean uztea.
Hiru: Ez dezatela esan Grezian bezala gabiltzanik!
Merkatuak lasai egotea komeni baita. Kasko gorriak gazteak jipoitzen? Mesedez, horrek oso itxura txarra ematen du hedabideetan. Nor etorriko da gero turismoa egitera? Euzkadi herrialde garatua da eta Bilbo garapen horren fal… em… faroa: ez dezatela esan gure kaleetan kiebra jo duen estatu bateko eszenak ikus daitezkeenik. Hobe Kukutza ez desalojatzea.
Arrazoi horiekin ere, beharbada ez genituen Bilboko agintariak konbentzituko ordea. Beheko bideoa ikus dezakete, ea gobernatzen duten hiria hobeto ezagutzen laguntzen dien (gaztelaniaz da).
3 Iruzkin
Ezjakintasunetik egiten dizut galdera, norena da eraikin hori?
Cabisa izeneko eraikuntza enpresa batena. Hain zuzen enpresa horren jarduerari buruzko komunikatua publikatu zuten atzo Kukutzako kideek. Kantabriako ustelkeria kasuren batekin lotuta ei dago:
http://kukutza.blogspot.com/2011/09/comunicado-sobre-cabisa.html
[…] Boligorriaren blogean agertzen denez, bazeuden arrazoi neoliberalak ere hori ez desalojatzeko. Pentsatu dezagun motibo horietan alderantziz, horiek desalojo eta eraistearen aldeko arrazoien aurkako argumentuak dira. Inork uste baldin bazuen nolabaiteko negozioa egin zitekeela honekin guztiarekin, “aizu, hori ez da egia, eta gainera, kalte ere egiten diozu zeure alderdiari, eta hiriaren irudiari”. […]