Logotomia

Gorka Bereziartua
3

Amaiur koalizioaren logotipoa

Iji eta aja asko eragin zuen Sortu alderdiaren logotipo afrusak eta antzeko zerbait pasa da asteburu honetan Amaiur koalizioarena aurkeztu denean: yougurt marka baten antza daukala, pastel-koloreak ikur politiko batean horrore hutsa direla, ez duela balorerik transmititzen… Horiek eta murielkeria handiagoak aurkituko ditu Twitterren bilaketatxo bat egiteko denbora hartzen duenak. Niri ere ez zait gehiegi gustatu, baina Judas Iskarioteri-edo eskerrak, zorionez, iruditzen zait horrelako kontuek bost pito inporta dutela Euskal Herriko politikagintzan —barkatuko didate hau esatea, azkenaldian gure artean hainbeste ugaritu diren komunikazio adituek—.
Asuntoa enpirikoki frogatu ezin dudanez, pseudo-demostrazio batekin saiatu beharko dut. Testuingurua: 2001eko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina, batxilergoko lehen mailako klasean. Irakasleak atera zuen gaia, nahiko gauza sorpresiboa, ikastolan ezin baitzen politikaz hitz egin —edo tira, derragun ahalegin handiak egiten zituztela Operación Triunfo izan zedin gure kezka nagusia, unibertsitate pribatu batean sartzeko merituak egiten genituen bitartean behintzat—. Baina gaia atera bazen, atera zen, eta kanpainako afixarik deigarriena zein ote zen eztabaidan jardun genuen —gauzaren heste-lodian sartzea, gehiegizkoa zatekeen, gure herri gatazkatsu hau baino Orange Countyren antza handiagoa zuen auzo hartan—.
Irakaslea seguru agertu zen —eguneko bigarren sorpresa— Euskal Herritarrok-en kartelak emaitza onak ekarriko zizkiola. “Nazio aske bat jaiotzera doa” zen lema. Beltzaren gainean, emakume haurdun bat biluzik, esperantza berria hezur-mamitzen.
EHren 2001eko hauteskunde afixaren erdarazko bertsioa

Eta, bai, zoragarria zen: joan dira hamar urte eta nik behintzat ez dut aurkitu horrenbesteko inpakturik eragin didan hauteskunde-afixarik. Baina, gauza jakina da Euskal Herritarroken emaitzak nolakoak izan ziren hauteskunde haietan: Mayor Orejaren bizarrak Ajuria-Eneatik gertu ikusteak gehi ETAren atentatuek, EAJ puztu eta EH hustu zuten.
Ez dakit Bilduren ikurra ona, txarra ala erdipurdikoa ote zen. Dakidana da, herritarrek politika egiteko modu bat saritu zutela azken udal- eta foru-hauteskundeetan, euskal gatazkaren bukle dramatikoki aspergarrian zerbait berria ekarri zuelako. Arrazoi berberengatik Amaiurrek ere  emaitza onak izango dituelakoan nago eta ez duela gehiegi inportako kanpainara logotipo horrekin aurkeztea edo Arale marrazki bizidunetako arrosa koloreko kaka-mokordo sinpatiko batekin —nahiz eta kolore deigarriagoak lituzkeen, zalantzarik gabe—.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA