Herman Düne, hitzontzi artean

Gorka Bereziartua
5

Herman Düne taldeko kideak

Gustatzen zait jende tertuliazalea. Ez zait gustatzen tertuliazaletasuna kontzertuetan praktikan jartzen duen jendea. Sinplea da esplikatzea zergatik: talde bat ikusteko patrikatik 15 euro atera behar badituzu (aurretik erosita; txarteldegian 20 ostia beltz), gutxieneko baldintza kontzertua entzutea da eta, parean gertatzen ari dena desastre handiegia ez bada, isilik egotea. Biolentoago jarriko naiz: M-ak taldeak kantatzen zuen moduan, kontzertuetan “hitzak soberan daude…”. Tira, badakizue letrak nola segitzen duen eta ez dut hemen idatziko; armak uzteko garai hauetan, pipa hartzia ez baita lizentzi, ezta testuetan ere. Harira: atzo Herman Dünek Bilboko Kafe Antzokian jo zuen, ondo jo ere, inguruko batzuk asko enteratu ez ziren arren.

Holloys eta The Wowz taldeek atarikoak egin ostean tertuliano kopuru polita bildua zen frantziarrak ikustera (ezen ez entzutera), antzokia bete gabe, baina itxuroso Athletic-ek ordu berean jokatzen zuela kontuan hartuta. Pop-rock klabean hasi zen kontua, David-Ivar abeslariak Les Paula eskuetan, muskulua gehitu zien diskoetan soinu folkya duten hainbat abestiri. Pose bitxia dauka Herman Dünen frontmanak, Deabruak Teilatuetaneko Aritz Mendietaren eta Chiquito de la Calzadaren arteko esperimentu genetiko baten emaitza ematen zuten atzoko haren kontortsio eta ibilerek. Gehitu horri, Leire Narbaizaren amesgaiztoetan ere agertuko ez litzatekeen jaka afrusa eta geldi, ez ukitu gehiago, dagoeneko gauza freak samarra daukazu eszenatokian.
Baina musikaz hitz egiten hasiz gero zuzeneko sendoa dauka taldeak: elektriko hasi zena akustikora pasa zen kontzertuaren erdialdera eta Be a doll and take my heart bezalako kantekin goia jo zuen… ingurukoen tartarraren bolumenak. Hitzontziak ez ziren isildu taldearen hit-ak azaldu arte: My home is nowhere without you, On a saturday eta, batez ere, The Wowz taldekoekin batera jo zuten I wish that I could see you soon  (nahiko ezaguna uda honetan Estrella Damm garagardo markaren iragarki batean azaldu delako). Eskerrak horiek goiz samar jo eta hortik aurrera zurrumurrua baretu zela, horrela gutxienez Tell me something I don’t know bezalakoak baldintza onetan entzun ahal izan zirelako.
Baina era berean, pena da batzuek halako interes falta erakustea gainontzeko errepertorioarekiko, pieza interesgarriak izateaz gain, oso modu kamaleonikoan egokitzen baitituzte zuzenerako, batzuetan esentzia folk-popa mantenduz, baina besteetan distortsioa eta dentsitatea aurreikusi zitekeena baino dezente harago eramanez.
Eta hemen utziko dut kronikatxo hau, nik ere gaurkoz nahikoa hitz egin dut-eta.

5 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA