Eguerdian irratiak sortutako ezuste batek bideratu nau Lars von Trieren film hau ikustera. Astelehenetan tertulia izaten dute Angel Erro eta Markos Zapiainek Euskadi Irratian. Haien tartea hasteko Richard Wagnerren Tristan eta Isolderen pasarte bat hautatu zuten. Iragarkiak dekoratzeko ez bada –eta musika jantziari bideratutako irrati publikoetan salbu– zaila da musika klasikoa deitzen duguna entzutea uhinetan. Oso segundo gutxirako parada izan zuten Isolderen uluek, segidan hasi ziren gainean hizketan. Filmak dituen 130 minutuetan hamaika alditan zituen Errok kontatu Wagnerren operako preludioaren agerpenak. Neronek ez dut aritmetika ariketa errepikatu.
Filma ikusi ahala lotutako kontu batzuk ekarriko ditut jarraian. Inolako intrusismo borondate barik, Melancholiak eta Wagnerren munduak dituzten –eta antzeman ditudan– kontuak aipatzera mugatuko naiz.
Zergatik Isolda eta ez Brünnhilde: von Trieren musika hautuaz
Parez pare, eta aldi berean, bi tesi harilkatzen ditu Melancholiak. Batetik, depresioak jotako Justine dago –Michaelekin Justineren ahizparen etxera doa ezkontza jaira–. Depresioa bi modutan aurkezten digu, nagusiki, filmak: jarduteko ezintasuna, oro har, eta gozatzeko ezintasuna (bizitzaren aurrean, bere ezkontzan, sexu harremanean). Bestetik, Wagnerrek maitasunari eta bikotearen proiektuari eskainitako lan behinena dugu entzuten dugun Tristan eta Isolderen musika. Ez da, gainera, operako edozein atal errepikatzen dena. Tristanen preludioan azaltzen da «Tristanen akorde» gisa ezagutzen den kuatriada eztabaidatua, armoniaren historiako une eder eta analisirako emankorra izan den tentsio unea. Bertsioaren arabera hamaika eta hamalau minutu artean izan ohi ditu preludioak. Sergiu Celibidache zuzendariaren 1984ko bertsioan, esaterako, klimaxa 12:14 minutuetatik 08:30.ean heltzen da. Beste modu batera esanda, gizonaren orgasmoaren gailurrarekin bat egin dezake proportzio horrek. Topikoak arrazoi du Wagnerren musika orgasmikoa dela dioenean, eta ez soilik kasu honetan. Harrigarria da, ordea, bestelako sintesi proposamenik ezean, von Trierek maitasunaren gorazarrea den lan honen atal hau hautatu izana. Aukera zezakeen, adibidez, opera beraren bukaerako Liebestodt aria, zeinetan Isoldek deskribatzen duen hildako bere maitea. Zizekek frakasoa deitu izan dio amaiera horri. Bertan, bi maitaleek ezin dute une berean hil eta Isolde bakarrik gelditzen da une mingarrian. Kontuan harturik depresioak neutralduta dagoela Justine, egin daitekeen irakurketetako bat hori da: operaren amaieran maitasuna ezinezkoa da, Justineren gaixotasunean bezain.
Dena den, eta kontuan hartuta istorioaren beste zati garrantzitsua apokalipsia dela, Wagnerren beraren Nibelungoen eraztuna tetralogiako Jainkoen erortzeako pasarteren bat hauta zezakeen. Edo ziklo bereko Walkiria operan dagoen Wotan jainko gorenaren erorialdiko kantua (Wotans abschied). Krepuskularragoa izango zatekeen, amaiera guztien ama deitu izan den operako atal intentsuarekin. Halere, kontzeptualki ez luke osotara bat egingo, Melancholia gizakien apokalipsi totalari buruzkoa delako eta Nibelungoen eraztunak jainkoak soilik dituelako desagerrarazten (politeismotik askatutako gizarte burujabea da amaieran gelditzen dena). Wagnerren historia antropozentrikoa da: jainko antropomorfoak desagertzean gizakiak gelditzen dira. Von Trieren historian gizakia naturaren zoriak sortua da eta naturaren zoriak –inolako intentzio politiko edo moralik gabe– suntsitua.
Akaso von Trierek buelta bat gehiago eman nahi zion musikaren hautuari eta horregatik hautatu zuen Tristanen preludioa. Alegia, Wagnerren istorioak zuen bukaera tragikoa (maitaleak ez dira batera hiltzen, nahiz eta biak hil) borobildu nahi izan zuen eszenarioko gizateria guztia elkarrekin akabatuaz.
Narrazioaren zatiketa
Filmak baditu beste zenbait keinu narratibo operakotzat jo genitzakeenak. Esaterako narrazioaren zatiketa. Preludioarekin hasten da: zortzi minututan zehar ikusiko ditugun eszena gogoangarrienak aurkeztuko dizkigu, ez dago testu edo elkarrizketarik, Wagnerrek egin bezala, ostean agertuko diren sinbolo eta gaiak aurkezten zaizkigu; jakin beharreko guztia, berez, orduan azaltzen zaigu. Nolabait esatearren, egilearen sinbologia eta ezagutza baldin bagenu, ondoren datorren guztia ez genuke beharko. Melancholia zortzi minutuko film laburra da eta nahi duenak –ulertu ez dugunok– badu bertsio luzatua.
Preludioaren ostean Lehen zatia: Justine dator, elkarrizketak eta giroko zarata entzungo dugu. Limusina batean ezkontzear den bikotea guztia gertatuko den eszenariora heltzen da (hau da eszenariotik kanpo jazotako une bakarra). Bide malkar batetik heltzen dira. Eszenarioa –preludioan azaldu zaigunez– simetrikoa da, zuhaitzak alboetan, itsasoa amaieran, uhartetxoak bistan. Bigarren zatia: Claire azaltzen da ondoren, depresioa duenaren ahizpari buruzkoa. Tristanek baino ekitaldi bat gutxiago du Melancholiak.
Kanpoko erasoak eta barneko miseria
Nibelungoen eraztunako tesia bere eginez paralelo bera erabili du von Trierek. Wagnerren operan nibelungoek (azpi-gizaki horiek) duten zekenkeria eta botere nahia jainko nagusiaren zekenkeriaren erreplika besterik ez dira. Beste modu batera esanda, gizaki ez diren elementu exogenoek jainkoen baitako gatazka modu plastikoagoan azaltzen dute. Berez, jainkoek jainko gisa jokatzen ez jakiteagatik sortzen da ordura arte mundua ezagutu den formaren amaiera. Maila berean ikus dezakegu Melancholia ere. Justinen gaixotasuna gehien patitzen dutenen (ahizpa eta haren familia) ezintasun eta minaren bikoizketa da ondoren etorriko den desastrea. Justinen izua eta apatiaren adierazpen fisikoa da lurra suntsitu nahi duen esfera. Eta aldi berean, egoera depresiboak eskaintzen dion jakituriari –ikuspegi desplazatuari– esker gertatuko dena jada badaki Justinek. Ez daki sorgin batek asmatuko lukeen zentzuan, baizik eta depresioaren formetarik batek sortzen duen joeragatik: gaizki gerta daitekeen guztia hala suertatuko dela pentsarazten duen dinamika mental eta animikoa. Horretxegatik, eta depresioak sortzen duen neutraltasun eta kontenplazio ikuspegiarengatik, ez da larritzen Justine. Pertsonaia nagusia lasai dago –beti bezain izutua alegia– eta bitartean astronomoa den Clairen senarrak bere buruaz beste egin du eta Claire histeriak jota dago.
Depresioa duen pertsonaia umearen lasaitasunarekin parekatzen du filmak. Clairek munduaren akaberaren segurantzia duenean jota galdetzen dio Justineri zer egingo ote duten gertu den amaieraren aurretik. «Baso bat ardo edan terrazan, Beethovenen bederatzigarrena entzun, kandela batzuk piztu» jasoko du erantzun. Ez dago fribolitaterik depresiboaren erantzunean. Desiraren suspentsioan dago Justine. Maitasunak eta heriotzak ez dute zentzurik ez baitira, gauza ezinak dira, dena dago aurrez lotuta suerta ez daitezen. Baina Clairek egoki bukatu nahi du bizitza. Maitasuna edo bat-bateko heriotzaren kudeaketa egokia existituko balitz bezala.
Bistan gelditzen da narrazio guztian zehar depresioa duena ez duela inork ulertzen. Pertsona bakarrak lagundu eta konprenitzen du Justine: ahizpak. Eta halere, bukaera aldera, denentzako egoera larria denean garbi dago Clairek bere ahizpa pertsona krudel eta nihilistatzat duela.
Bestelako kontuak aipa litezke, beste behin agian: umeak lantza moduko makila zorrozten duenekoa (Wotanen lantza eta Eskandinaviako mitologiako Munduko Zuhaitzarekiko lotura posiblea), bestelako tradizioekin egindako irakurketak (erlojua, ehizari keinua). Von Trieren tradizioa omen da filmak azken lau segundoetan hondatzea hala esan zidan lagun batek–, edozelan, lerro hauek ez dute filma bera aupatu edo hondoratzeko inolako intentziorik. Melancholiaren keinuen kapitulazioa egitea besterik ez nuen xede. Domaia da, klase ikuspegitik, gure munduari hain lotua egotea giroa eta testuingurua. Nago, egin zitekeela alegoria hau bera zaldien edo limusina erraldoirik gabe, lurjabe ez diren batzuei gerta zekiela den-dena, jauregia ez zela ezinbestekoa. Irudi lezake, bestela, istorio izugarrietarako izugarrizko aurrekontuak direla beharrezko. Akaso, alegoria konplexuagoa da –nik hala ulertu ez badut ere– eta filmean hiltzen direnak jokatzen ez dakiten egungo jainkoak dira, aberats izaten ez dakiten gaixoak. Orduan bai litzatekeela, guztiz, Wagnerrek berrirakurritako mitoen egokitzapena.
P.S.: Musika klasikoak hiru segundoko sanplerrak edo ikus-entzuneko elementu deboratibo gisa soilik erabili ohi diren garaian, esan gabe doa, von Trieren ekarpena eskertzekoa da. Wagner-proselitismoaren azkenaldiko gailurra.
Hedoi Etxarte