Blog honetan ez dugu sekula gehiegi maitatu biopic generoa, baina datorrenak marka guztiak hautsiko dituela ematen du: Margaret Thatcher Erresuma Batuko Lehen Ministro ohiaren film biografikoa estreinatuko dute urtarrilaren 12an; The iron lady du titulua eta Meryl Streep protagonista. Thatcher da, noski, filmeko heroia, eta mota honetako lan gehienetan bezala, hagiografia egin diote, halako batean —Budak ez dezala nahi— hilko balitz, argi geratu dadin ona, ona, oso ona izan zela hankak bero zeuzkan artean.
Pentsa dezagun orain halako lan zaila eskatu dioten zuzendariarengan: oroagintzaile izandako Thatcherren zein alderdi positibo nabarmendu dezake pertsonak, ordu eta erdiko metrajea bete ahal izateko? Nekeza behar baitu Londresko azken komun publikoa ere pribatizatu nahi izan zuen Burdinezko Damaren alderdi salgarririk aurkitzea. Sindikatuek ez dizute berari buruz gauza txukunik esango; hain gutxi irlandarrek, “Oraindik Thatcher gorrotatzen dut” dioten kamisetekin ibiltzen dira batzuk-eta; Argentinan ere ez diote kariño handirik, Malvinetako gerra bezalako anekdotatxoekin bakarrik akordatzeko joera txar horrekin.
Soluzioa: Burdinezko Dama horixe, dama, andrea, alegia, emakumea dela nabarmentzea. Horretan saiatu da Phyllida Lloyd zuzendaria (“genero- eta klase-harresiak gainditu zituen bere ahotsa gizonen manupeko munduan entzun zedin” leitu daiteke filmaren promo-blogean), eta emaitza, pelikula ikusi dutenek diotenez, Thatcherismorik gabeko Thatcher da.
Niri bidegabekeria galanta iruditzen zait irla britainiarreko herritarren zoria nahierara erabili zuen emakumea horrela erretratazea. Ikuspuntu feministatik salatu beharko litzatekeen injustizia, Margaret Thatcher berdintasun-eredu izan baita besteak beste. Bai, berdintasun-eredu. Haren ibilbide politikotik ateratzen den ondorio argienetako bat zera baita, nire ustez: behin boterea harturik, emakumea gizona bezain gupidagabea, doilorra eta higuingarria izan daitekeela. Eta itxura denez filmak alderdi hori guztia ezabatu nahi du, Thatcher etxekoi, goxo eta intimista erakutsi, ohiko agintarien oso bestelakoa. Funtsean, Thatcher kastratua, Thatcher lighta, Thatcher 0,0. Eta zintzoak izaten hasita, nik behintzat nahiago ditut alkoholdun garagardoa, kafeinadun kafea eta nazka ematen didan Thatcher.
4 Iruzkin
Arrazoia duzu. Margaret Thatcher berdintasun-eredua izan da, gizonezkoak bezain gogorra (edo agian gogorragoa) izan zelako.
Beharbada emakumea delako jokatu zuen horrela: ez zezatela biguntzat hartu sexu “ahulekoa” izategatik. Askotan gertatzen baita hori, feminismo (nire ustez) txarto ulertuan. Gizonak beste edo gehiago garela demostratu behar dugulako askotan, eta bihozgabeak izanda lortuko dutela uste dute andrazko askok.
Gauza bakarra bururatzen zait
Iron Lady delakoaren biografia bera hoberen ezagutzen dutenek idatzi beharko lukete, 80 hamarkadan greban jardun zuten meatzariek, adibidez. Nere mundu imaginarioan horrelako pelikula holywoodiense bat imajinatzen dut: meatzari heroiak, beraien izerdiz nola lider bihotzgabea garaitzen duten, istorio epiko batean (maitasun istoria barne).Propagandarako egindako subprodukto baten aurrean imajinazioarekin kontsolatu behar.
Ea noiz datorren Bush-en biopic-a: mundua toki justu eta libreago bat bilakatu zuen lider karismatikoa. Aurki zinema onenetan.
Irlandan preso politikoaren estatusa berreskuratzeko (1976tik aurrera kartzelatuei kendua zieten britainiarrek) gose greba txandakatuan ari zirenei “kriminal, kriminal, kriminal” deitu zien Thatcherrek, eta ez zuen negoziatzeko urrats ñimiñorik ere eman, ez behintzat presoak banan-banan hiltzen ari zirenean. Bobby Sands eta beste 9 errepublikano hil arren, burdina bezain hotz eta urrikigabe atxiki zuen bihotza “Burdinezko andereñoak”. Hona hemen haiek oroitzeko Christy Moorek kantatutako “Forever on my mind” kantua: https://www.youtube.com/watch?v=G2eV63hpb4k
Beharbada Thatcherren jarreran eragina izango zuen 1979an INLAk (errepublikano sozialisten adar armatua) Airey Neave haren alderdikide eta lagun mina -baita Ipar Irlandarako kontserbadoreen arduraduna ere- bonbaz hil izanak, Londresen, Parlamentuaren garajean : https://www.youtube.com/watch?v=IAgMR_gC9IY
IRAk begitan hartua zuen Thatcher, eta 1984an oso-oso gutxigatik ez zuen hil, Brightongo (Ingalaterra) hotel batean indar haundiko lehergailu bat eztandarazita, Alderdi Kontserbadorearen kongresuaren atarian: https://www.youtube.com/watch?v=eR1VePIeWbE
Bonbaketa hartako bi biktima (zuzenekoa eta zeharkakoa) eta bonba jarri zuenetako bat, Pat Magee, preso ohia, elkarrekin elkarrizketatuak, adiskidetze ekitaldi baten karietara: https://www.youtube.com/watch?v=HN3A7iZYISM