PC11 (I): Dena ez da indiea

Beñat Sarasola
0

Charles Bradley (argazkia: Damià Bosch)

Abiatu da beste urte batez Primavera Club festibala, maiatzeko Primavera Sound jaialdi ezagunaren anaia edo arreba edo ahizpa txikia. Madrilen asteartean hasi zen eta Bartzelonan, ostera, atzo. Bartzelonako emanaldien berri emango dizuegu datozen egunetan.
Apolo aretoaren alboko taberna berrituan botatako iazko Primavera Soundari buruzko dokumental batekin, Barcelona en Florekin (sic) hasi da aurtengoa. Lekua jendez lepo eta inguruetaran ere pertsona andana, akreditazioak, kontzertuetarako sarbidea ematen duten pultserak eta enparauak jasotzen. Lehenengo egunetan kontzertu gutxi izaten dira, egun nagusienekin (ostirala eta larunbata) alderaturik. Atzo bost zeuden programaturik, eta asteburuan eguneko hogei kontzerturen bueltan ibiliko gara. Aperitibo gisa, hortaz, ondo egon ohi dira hasierako emanaldiak, besterik ez bada, festibaleko eguneroko errutinara ohitzeko: ilarak, areto batetik besterako ibilaldi bizkorrak, kontzertu konbinazio ezinezkoak, eta egunaren amaierarako, talde eta musika arteko anabasa majoa buruan.

Villarroel Bartzelonako taldearena izan zen ikusi nuen lehenengoa. Atzokoan, hirukoak Extraperlo-ko Alba Blasiren laguntza izan zuen teklatuetan. Beren lehenengo EPa ateratzekotan dira, eta harrigarria da taldeak duen nortasuna oraindik album luzerik ez edukitzeko. Elsa De Alfonsoren ahots eta gitarrak gidaturik, pop oinarria duten kantu bereziak dira beraienak; armonia ezohikoak, disonantziararako joera De Alfonsoren soloetan, ahots grabe eta hitz bereziak. Dudarik gabe, etorkizun aski interesgarria izan dezakeen taldea; momentuz, estraineko diskoaren zain geratzen gara.
Londoneko Veronica Falls eta Charles Bradley-ren kontzertuak ia batera ziren —lehenengoa 22.00etan eta bigarena 22.30tan— eta bietan genuen interesa. Azkenean Arkaitz Villar-ek txiokatutako gomendioei jarraiki, Veronica Fallsen emanaldiaren hasierako minutuak ikusi eta Bradley ikustera joan ginen. Veronica Falls singlez-single ezaguna egiten joan den taldea da —garai zaharretan bezala, nolabait— eta aurten argitaratu du lehenengo disko izenkidea. Lo-fi kutsuko post-punka egiten dute, bana beti ere pop doinuak hondoan dituztela. Zuzenean ere ondo moldatzen direla erakutsi eta berehala bete zen Apolo 2a.
Arraroa irudi dakiguke jaialdi honetan musika beltz klasikoan funtsatutako Bradleyen gisako proposamen bat aurkitzea. Ez da lehenengo aldia, ordea, indie-aren etiketa zurrunetik kanpoko artistak programatzen direla —Lee “Scratch” Perry bururatzen zait adibidez—, sarritan arrakasta handiz gainera —2010eko Primavera Soundeko Pet Shop Boysen kontzertua—. Bradleyen taldea taularatu zen lehenik, kantaririk gabe oraindik, eta hiru pieza instrumental jo zituzten kateaturik. Zetorkigunaren adierazle ezin hobea: funk, soul, eta rythm and blues doinuak, denak ere groove handiarekin, nola ez. Baxua, gitarra, bateria, Hammond organoa, tronpeta eta saxo tenorea dira talde trinko eta ederki engranatuaren osagaiak. Organu-jotzailearen aurkezpenaren ondotik azaldu zitzaigun Bradley zaharra agertokiaren atzealdetik. Larruzko jaka gorri deigarria soinean eta hamaika urrezko kate lepoan —”Compro Oro” afixa falta zitzaion bakarrik—, bere presentzia hutsak publikoa gogoberotu zuen. Kantatzen hasi eta ahotsa sabeleraino sartu zitzaigun bertaratukooi. Brooklyngo club baten atzealde ospeleko estoldaren barrenetik ateratako ahotsa dirudi bereak, sakon bezain erlatsa. Ez naiz musika mota honetan batere jantzia eta akaso horregatik izango da, baina ezinezkoa egin zitzaidan James Brownekin ez akordatzea. Ikustekoa ere Bradleyen jarrera; bere 63 urteekin dantza eta jira-eta-buelta ibiltzeko abileziarekin, beti halako probokazio eta lizunkeria puntuarekin. Errepertoriko berezitasunen artean, Neil Youngen Heart of Gold bikainaren bertsioa, funk eta soulera eramana. Arkaitz Villarren eskariarekin bat egiten dugu, beraz: Euskal Herriko musika programatzaileak, ekar ezazue!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA