John Mausek aurreko egunean Madrilen jardun zuelarik, denetarik irakur zitekeen sarean hangoaz: “Filosofo honena —filosofia irakaslea da— tamalgarria da, auzo lotsa eragiten du”, “Gauza bat lo-fia da eta beste bat truñoak”, “Kaka zahar hutsa” eta abar. Atzo entzun nuen ere “Este tío lo que es es un jeta”. Azal dezagun laburki, ezagutzen ez duenarentzat, zein den Mausen zuzeneko proposamena. Musika guztia pregrabatua eramaten du eszenatokira, play-ari sakatu eta mikrofono batetik kantaren gainetik abesten, eta nagusiki, oihukatzen du. Playbacketik gertuago dago karaoketik baino. Taula gainean atzera-aurrera ibiltzen da etengabe, oihu, garrasi eta alarauak egiteari gelditu gabe. Tarteka eskuaz bere burua kolpekatu edo ileetatik tira egiten du halaber. Musikalki, zuzenekoa diskokoaren berdin-berdina da hortaz; Mausek gehitzen duena haren gaineko performancea da, ez dago zuzeneko interpretaziorik. Jakina, kontuak bidea ematen du —batez ere morroia filosofia irakaslea dela aintzat hartuz— grabatuaren eta zuzenekoaren arteko aldeaz hausnartzeko, kontzertuetako performancearen eta musikaren arteko erlazioaz, eta abar. Are gehiago gaur egun, non, kontzertu batzuetan grabatuta eramaten denak taula gainean jotzen denak baino pisu handiagoa baitu sarritan.
Alde horretatik, Mausek kartak agerian ipintzen ditu hasieratik, ez du engainatzen. Lehenengo minututik dakizu zer den proposatzen duena; bere jokoan sartzen zara edo osoki baztertzen duzu guztia. Esango nuke aurreko eguneko Madrileko suminduraren aldean, arrakasta izan zuela Bartzelonakoak. Akaso inori bi hirien arteko izaera ezberdinen artean pentsatzeko aukera emango dio kontuak orobat. Atzokoan ere jende dezentek alde egin omen zuen aretotik, baina pertsona mordoa bildu zen, halaber, Casino L’Aliança-ko eszenatokiaren aurrealdean; alegia, zutik salto eta dantza ibil zintezkeen aretoko leku bakarrean. Izan ere, aski nabarmena izan zen programatzaileek ez zutela batere asmatu lekuarekin; atzokoa Apolon (sala txikian) egiteko moduko emanaldia zen, ez eserlekuz betetako leku ramegante batean, eta arratsean bainoago, gauerdian-edo. Estatubatuarrak egiten duen musika, tipoaren ikuskizuna gora-behera, ez da batere kaskarra, eta beraz, horrek ere laguntzen du. Bestetik, aitortu behar dut talde landu eta serioago askotako kontzertuetan atzoko emanaldian baino gehiago aspertu izan naizela maiz. Hitz egiteko beta ematen du behintzat Mausek. Gainera, gaur egun, non ustez taburik ez dagoen eta probokatzea ia ezinezkoa den, jendearengan halako erreakzio muturrekoak eragiteak ere badu meriturik.
Gaueko beste kontzertu aipagarriena Superchunk talde jada klasikoarena izan zen. Oso gutxi entzuna nuen 90etako talde erreferentziazkoa den honen musika, eta harrigarriro konprobatu ahal izan nuen atzo ni bezala jende nahiko bazegoela. Beti gehiago entzuteko duzun talde horietako bat. Emanaldi borobila egin zuten, lehenengo segundutik dena emanez eta beren pop-punk bizkorrari energia amiñi bat kendu gabe. Egia da Superchunkena formula aurrezarri aski zehatza dela eta beren abestiek elkarren antz handia dutela; alabaina, inoren gogo eroria altxatzeko modu bikaina da Superchunken kontzertura joatea. Zenbaitetan hardcore melodikora gerturatzen dira, beste zenbaitetan power popera, baina beti sartzen dizute saltoka hasteko gogoa. Taldearen soinua gainera, bikaina izan zen; arpegio bakoitza xehetasunez antzematen ahal zen, gisa honetako beste hainbat talde bizkorren soinu lardatsetik urrun. Festibaleko emanaldi aipagarrienetakoa izan zela esango nuke; sorpresa eder bat.
Primavera Club festibala gaur amaituko da hainbat kontzerturekin. Sonatuena Auditori-koa izango da, Fleet Foxes eta Vetiver-ek emango dutena. Sarrera mugatuak zirela-eta kanpoan geratuko gara —jaialdiko arduradunen beste antolatzeko modu harrigarri bat—, eta beraz, honakoa izango da aurtengo Primavera Clubeko azkeneko kronika. Duela egun gutxi Bilbon jo zuten bi talde horiek eta akaso zuetakoren batek zer edo zer esan diezaguke. Gainontzean, 2012ko maiatza arte.