Esaldia

Gorka Bereziartua
0

PSOEren oraingo egoerarekin bat etor daitekeen logotipoa (El Jueves aldizkaritik hartua)

Hauteskundeak esaldi batekin irabazten dira egun, politika yankeea imitatzeko joeraren ajeak. Gantxoa daukan zerbait esan ezazu, iltzatu daitezela lau bost sei berba inkontziente kolektiboan, eta irabaziko duzu seguru. “Ekonomia da, ergela!” zioen Clintonek. “Yes, we can” Obamak. Martxoaren 11ko atentatuen ondoren, Rubalcabaren uppercut dialektiko batek (PPren dorpeziarekin batera) aupatu zuen PSOE boterera: “Espainiak ez du merezi gezurrak esaten dizkion gobernurik”. Bi kontzeptu sinple lotzeari esker irabazi zituen azaroaren 20ko hauteskundeak Mariano Rajoyk: “PSOE” batetik eta “bost milioi langabe”, bestetik. Arrosa petalorik gabe geratu zaie Espainian sozialistatik izena besterik ez duten alderdikoei, dena arantza esku itsuan. Odolik ez da ageri oraindik eskumuturrean, besoan, ukalondoan behera baina etorriko da, etorriko denez, alderdikideak labankatzeko ordua. Otsailerako iragarri dute ofizialki, 38. kongresu federalarekin batera. Bitartean, behingoagatik ez dute eslogan berririk asmatzen hasi beharko Ferrazen, hauteskundeetan erabili dutenak ederki esplikatzen baitu barne istilutan dabilen alderdi baten egoera: “Borroka ezazu nahi dituzun gauzengatik”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA